Sahatsa Jauregi Azkaratek ( Salvador de Bahía, 1984) arte esparruan dihardu, 2007an, Arte Ederretako Fakultatean (EHU-UPV) lizentziatu zenetik. 2008az geroztik, proiektu ezberdinak gauzatu ditu, besteak beste, Espacio Abisalen (Bilbo, 2009) eta Ertibil Sarietan hautatua izanagatik, Rekalde Aretoan (Bilbo, 2009) ikusgai egon zen Trabajo y Humildad proiektua eta Next-Aurkezpenak egitasmo barruan Montehermoso (Vitoria-Gasteiz, 2011) eta Gipuzkoako 44. Artista Berrien Sarietan hautatua izangatik ikusgai egon zen Duro Duro proiektua. 2012an, Pacific Film Archieven ( Berkeley) egonaldi bat egin zuen, eta urte bete beranduago, Tabloid izeneko argitalpena kaleratu zuen, San Frantziskon eginiko egonaldian eratzen hasi zena. Sari berezia lortu zuen 2013an Gipuzkoako Artista Berrien programan, Goods. Ondasuna proiektuagatik. 2015 hasieran, aktiboki hartu zuen parte Manu Urangak zuzenduriko Gio Bat egitasmoan (Bilbo). Bertan, Raúl Dominguezekin batera eginiko erakusketan, Gaztea proiektua landu zuen. 2104an Azkuna Zentroan (Bilbo) ikusgai egon zen Fermin Muguruzaren Black Is Beltza erakusketaren diseinu eta koordinazioan aritu zen, Aurtengo ekainean, Ars Santa Mónicara (Barcelona) bidaiatuko duena. Leire san Martinekin batera, Superbia: Ulrike Ottingerren 8 film deituriko eta Ulrike Ottinger zine zuzendariari buruzko zikloa antolatu zuen 2015ean. Egun, DSS2016 barruko Tirabirak, Tiras que aflojan erakusketa ibiltarian dihardu diseinu eta ekoizpen koordinazio lanak egiten, UPV/EHUko EMAN taldearekin elkarlanean.
Eskultura alorrean dihardut. Argazki albumen antzera, kuaderno forma hartzen duten intereseko artxiboetatik abiatuz lantzen dut metodologikoki, ondoren eskultura gorpua hartuko duen hori. Albumak osatzea, bildumagintzan aritzea da. Albumak, espazio publiko zein pribatuetatik jasotzen diren forma eta irudiek osatzen dituzte. Arte izateko helbururik gabe jaio diren baina sentsibleki eginiko forma ariketa moduan antzeman daitezkeen irudi hauek, eredu eta prototipotzat erabiliak izango dira. Argazki izatetik, eskultura izatera jasaten duen egokitzapen hau, ez da inoiz simetrikoa izango, eskultura egiterakoan, hau gauzatzeko aukeratuak izan diren materialen natura sartzen baita jokoan. Hau da, paraleloki doazen bi ardatz lantzen dira: batetik, inspiratzen nauten joko formal zehatz batzuenganako arreta, eta beraien limite propioak ezartzen dituzten objektu sortaren lanketa, bestetik. Bata eta bestea banatzen duen distantziak, apropos galarazten du erreplikarako edozein aukera.
Aipatutako koarderno eta hauen ondorengo eskulturek, egite amatuerrean kokatzen dute interesa, dizdiran eta hautsean. Subjektua eta honen ingurugiroaren artean eraiki daitezkeen oinarrizko harremanak erakusten dituzten ezaugarri moduan ulertzen direlako. Hortatik, nere ornamentuarenganako interesa, zaharkitu berri denarenganakoa, objektuen kapritxozko erlazioenganakoa. Baita erlazio logikoenganakoa ere. Hauen arteko filia eta fobiak. Zaharkitutako (ez antzinako) denden eskaparateak, Ikea aurreko etxeen dekorazioa, baloi bat garaikur baten barruan, putetxeetako iruditegia, funtziorik gabeko objetuak, objetu zatiak, funtzio bikoitza duten objetuak, apaingarriak dituzten apalak, bitxiak erakusteko erabiltzen diren standak, nerabeen logelak, material nobleak imitatzen dituzten material txiroak edota Milanuncios.com moduko sal-erosketa orrialdeetako argazkiak.