Bilbaoartek, Bilboko Udalaren ekoizpen artistikorako zentroak, parte hartuko du Gau Zuria 2025 ekitaldian, Uribitarte40 Aretoan jarriko duen Abigail Lazkoz artistaren La pintora (2025) instalazioarekin

  • Instalazioa Aretoko beirateetako baterako pentsatuta dago berariaz, eta kanpotik ikusi ahal izango da ekainaren 13an eta 14an.
  • La pintora obrak artistaren irudiaz eta gizarte garaikidean egiten duen lanaz hausnartzen du.
  • Abilgail Lazkoz BilbaoArten artista egoiliarra izan zen 2000. urtean, eta orduz geroztik erakundearekin lotura izaten jarraitu du.
  • Bilbok urtero ospatzen du Gau Zuria, 1300. urtean Hiribilduaren fundazioa izan zen Hiri-Gutuna sinatu zela ospatzeko.
  • Gau Zuriak aire zabaleko ospakizunak antolatzen ditu hiriko gune enblematikoetan, eta bertako eta nazioarteko artisten sorkuntzak proposatzen ditu.

Abigail Lazkoz artistaren La pintora (2025).

(Bilbao, 2025eko ekainaren 12a).-BilbaoArte, Bilboko Udalaren ekoizpen artistikorako zentroa, Gau Zuria 2025 jaialdiarekin bat egiten duten erakundeetako bat da, ekainaren 13an, ostirala, eta ekainaren 14an, larunbata. Horrela, Abigail Lazkoz (Bilbo, 1972) artistaren La pintora (2025) obra instalatuko du URIBITARTE40 Aretoan, ekainaren 13an eta 14an kanpotik ikusteko moduan. URIBITARTE40 aretoa Uribitarte pasealekuko 40an dago, ia Guggenheim museoaren parean.

Instalazioa Aretoko beirateetako baterako pentsatuta dago berariaz, eta artistak gizarte garaikidean “multitasker” gisa duen irudiari buruz hausnartzen duen ilustrazioa da. Termino hori informatikaren esparruan sortu zen, hainbat eragiketa aldi berean egiten dituzten sistemak deskribatzeko, eta giza testuingurura eraman da, pertsona balioaniztunak, moldagarriak eta ingurune dinamikoetan askotariko eskaerak maneiatzeko gaitasuna dutenak aipatzeko. Hori gertatzen da gizarte garaikidean artistekin; izan ere, sorkuntza artistikoa ez da haien zeregin bakarra, baizik eta sormen-ekoizpenetik hasi eta kudeaketa, sustapena eta merkatuaren dinamiketara egokitzea barne hartzen dituzten rol ugari beren gain hartu behar dituzten profesionalak dira.

La pintora (2025) marrazki hedatua da, artistaren irudia eta bere lana ulertzen laguntzeko helburua duena, eta, aldi berean, BilbaoArte bezalako ekoizpen artistikoko zentroek garatzen duten lanarekin lotzen da, artistei denbora, espazioa eta baliabideak emanez, trebatzen jarraitu eta beren ibilbide profesionaletan aurrera egin dezaten.

Gainera, BilbaoArteren egoitza nagusian Urazurrutia kaleko 32. zenbakian dagoena, atzeko fatxadan (Iturburu kalea) Abilgail Lazkozek 2002an egindako Dancer obraren erreprodukzio bat dago, kaletik etengabe ikus daitekeena. Artistak garai horretan garatu zituen pintura eta marrazki hedatuaren 0 graduaren inguruko ikerketen lan bereizgarria da.

Abilgail Lazkoz (Bilbo, 1972) 2000. urtean BilbaoArten artista egoilarra izan zen, eta orduz geroztik erakundearekin lotura izaten jarraitu du. Marrazki hedatuan duen ikuspegi berritzaileagatik ezaguna da, erakusketa-espazioetara egokitzen diren muralak eta instalazioak sortuz eta ikuslea obrarekin elkarreraginean aritzera gonbidatuz. Marrazketa da bere praktika artistikoaren muina, eta baliabideen ekonomia eta adierazpen-askatasuna ditu ezaugarri, ekoizpena euskarriaren gainetik lehenesten duena. Bere lanak identitatea, desdoikuntza, kidetasuna, genero rolak eta hilkortasuna bezalako gaiak aztertzen ditu, askotan umore beltzaren ukituarekin.

Arte Ederretan lizentziatua eta Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU) doktorea, pinturan espezializatua; ondoren Erresuma Batuko Winchester School of Art-en egin zituen ikasketak. Lazkozek hainbat egoitza artistiko egin ditu Ingalaterran, Bilbon eta New Yorken, eta horrek aukera ematen dio nazioarteko ibilbide bat garatzeko. Hainbat sorkuntza-beka jaso ditu, hala nola Fundación Bilbao Arte Fundazioarena (1999), Fundación Marcelino Botínena (2002) eta Fundación Endesarena (2003), baita Arte Plastikoen Ertibil Lehen Saria (2005) eta Gure Artea saria (2006) ere. Gaur egun pintura irakaslea da Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU).

Lazkozen lana hainbat bilduma nabarmenetan dago, hala nola Guggenheim Bilbao Museoan; ARTIUM Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoan, Vitoria-Gasteizen; MUSAC, Gaztela eta Leongo Arte Garaikideko Museoan; CAB, Caja de Burgos Arte Zentroan; Banco Santander Fundazioan, Madrilen edo Queens Museum of Arten, New Yorken.

GAU ZURIA

Urtero, Bilbok Hiribilduaren fundazioa ospatzen du ekitaldi honekin, eta hiria aire zabaleko kultur jarduerez betetzen da, hala nola argi eta soinu ikuskizunak, musika, antzerkia eta arte eszenikoak. Bilboko espazio enblematikoak okasiorako eraldatzen dira, bisitariei esperientzia ezberdina eskainiz.

1300. urteko ekainaren 15ean Hiri-Gutuna sinatu zen, Bilbo Hiria sortzea ekarriko zuena. Hori dela eta, hiriak urtero eskaintzen du mugarri hor oroitarazten duten kultur jardueren programa zabala. Bilboko kulturaren, historiaren eta sormenaren ospakizuna da Gau Zuria, bertako eta nazioarteko artisten sorkuntzekin gozatzeko aukera ematen diena herritarrei, eta urtero bisitari ugari erakartzen dituena.

Cookie politika
BilbaoArte

Webgune honek cookie propioak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu behar bezala funtzionatzeko eta nabigazio-ohituretan oinarritutako profil batean oinarritutako helburu analitikoetarako. Informazio gehiago nahi izanez gero edota zure lehentasunak aldatzeko, kontsultatu cookie-en politika.

Behar-beharrezko cookieak

Behar-beharrezko cookieak beti aktibatuta egon behar dute zure cookie-hobespenen ezarpenak gorde ahal izateko.

Analisi-cookieak

Webgune honek Google Analytics erabiltzen du informazio anonimoa biltzeko, hala nola webguneko bisitari kopurua edo orririk ezagunenak.

Cookie hauek aktibatuta uzteak gure webgunea hobetzen laguntzen digu.