BILBAOARTEK IKASTAROARI AMAIERA EMANGO DIO ARTISTA EGOILIARREN ERAKUSKETA KOLEKTIBO BATEKIN ETA ATE IREKIEN JARDUNALDIEKIN

  • URIBITARTE40 aretoan BA Bilduma Artistak egoitzan 2025/26 Eskuratze berriak erakusketa dago ikusgai ekainaren 19tik irailaren 6ra.
  • Urazurrutia 32ko egoitzako estudioek ateak irekiko dituzte publiko eta arte arloko profesionaleentzat, hilaren 22tik, astelehenetik, 24ra, asteazkenera. Asteartean, hilak 23, jarduera sozial eta ludikoena ospatuko da, Ate Irekien Jaia dela eta, eta musika izango de magnolioko patioan.
  • Bilboko Udalaren ekoizpen artistikorako zentroak 2026-27 Ekoizpenerako Laguntzetarako hautatutako artistak ere ezagutarazten ditu, BA Bildumaren Komisariotza Deialdiaren III. Proiektu irabazleaz gain.

(Bilbon, 2026ko ekainaren 12an).- Fundación BilbaoArte Fundazioak bere bi ekimen nabarmenenak antolatu ditu ekainean, ikasturteari amaiera emateko. Lehenik eta behin, bertako artista egoiliarren erakusketa kolektiboa, URIBITARTE40 aretoak hartuko duena, datorren ostiralean, ekainaren 19an hasi eta irailaren 6ra arte.

Gainera, Urazurrutia 32ko egoitzak ateak irekiko ditu hilaren 22tik (astelehena) 24ra (asteazkena). Hiru jardunaldi horietan, bai artearen arloko profesionalek, bai publiko osoak, artista egoiliarren estudioak bisitatu ahal izango dituzte, eta ikastaro horretan egindako lanari buruzko iritziak trukatu.

Era berean, Bilboko Udalaren ekoizpen artistikorako zentroak ezagutzera eman ditu 2026/27 Ekoizpenerako Laguntzetarako hautatutako pertsonak. Alde zaharreko egoitzan jasoko ditu, eta laster aurkeztuko du datorren urtean Abandoibarrako erakusketa-aretoan ikusgai egongo den BA Bilduma Bildumaren Komisariotzaren III. Deialdiaren proiektu irabazlea.

 

ERAKUSKETA

ARTISTA EGOILIARRAK 2025/26: ESKURATZE BERRIAK BilbaoArte Fundazioko artista egoiliarren azken belaunaldiko sorkuntzak aurkezten dituen talde-erakusketa da. Proiektu honek 2025/26ko ekoizpenerako laguntzaren onuradun izan diren hamabi artistek berriki ekoitzitako lanak biltzen ditu. Guztira, hogeita hamar bat lan inguru dira, BA Bildumaren parte izatera igaroko direnak. URIBITARTE 40 Aretoak erakusketa hau hartzen du ekainaren 19tik (ostirala) irailaren 6ra (igandea).

Adin eta jatorri askotako artistez osatutako talde honek gaur egungo praktika artistikoaren joera, estilo eta lan-metodo berrienen hautaketa adierazgarria eskaintzen du. Horma baten ertzean sostengatuta flotatzen duten formak eta koloreak; itxura naifeko istorioak, atzean kritika sozial zorrotza dutenak; familia-etxearen irudian gordeta dauden memoria eta soinuak; forma geometrikoak, paperetik eta ideien mundutik zeramikaren fisikotasunera pasatzen direnak; gorputz-keinua, euskarri desberdinetan eta hainbat teknikaren bidez errepikatua; pinturaren praktika krisian jarri nahi duen geometria kolorista; muga fisikoak, psikologikoak, edo muga ikuspegi zabalenetik ikusita, irudiaren eta eskulturaren arteko konexiotik aztertuta; hiru dimentsioko argazki-narratiba, edo argazki-liburuaren definizio garaikideen bilaketa, instalazioaren bitartez; espazioa eta etxekotasuna, narratiba eta xehetasun ezkutuak erakusteko erabilita; errotzea, edo gure jatorrian ditugun adarrak edo sustraiak, izana ematen digutenak, loratzera eramaten gaituen horri erreferentzia egiten dion material aratz baten bidez; inoiz ere irudikatuko ez genukeen marrazkia, barneratutako esperientzia grafikoetatik eta zerbait berria sorrarazten duten elementuen konposizioetatik datorrena; gorputz eskultorikoan presioa egiten duen indarra, material horren erreakzioa bistaratzen duena.

Horiexek dira, beste batzuen artean, BA Bildumak eskuratutako obra berriak biltzen dituen erakusketan ikus ditzakegun planteamenduak. 2025. eta 2026. urteetan euren lana Fundazioan garatu duten artistek gai horiei eta beste askori buruz hitz egiten digute, eta horren bidez bertotik harago pentsatzera gonbidatzen gaituzte. Galdera asko mahai gainean, beste horrenbeste erantzun bilatuz, eta baita zalantza gehiago ere.

Horrez gain, erakusketa honetan ikus ditzakegu hamabi egoiliarrek euren egonaldian garatu dituzten artista-liburuak, eta horien bidez bestelako adierazpen-modu batera hurbildu ahal izango gara; kasu batzuetan, adierazpide hori euren lan egiteko formatik gertu dago, eta beste batzuetan urrun, eta horrek guztiak begirada irekitzen digu eta sorkuntzaren horizonteak zabaltzen ditu.

EGITARAU PUBLIKOAK

INAUGURAZIOPROGRAMA

  • Aurkezpen publikoa: Ekainaren 19a, ostirala, 18:00etan
  • Inaugurazioa: Ekainaren 19a, ostirala, 19:00–21:00

BISITA GIDATUAK

Bisita gidatua, aldi berean LSEn (gaztelaniazko zeinu-hizkuntza) eta ahoz.

  • Asteazkena, uztailak 8 eta abuztuak 5 (eusk.), 19:00

Asteazkena, uztailak 22 eta irailak 2 (gazt.), 19:00

 

ATE IREKIEN JARDUNALDIAK BILBAOARTEN (URAZURRUTIA, 32)

Artista egoiliarren estudioak zabalik egongo dira ekainaren 22tik (astelehena) 24ra (asteazkena) arte, komunitate artistikoari eta herritarrei BilbaoArten egondako hilabeteetan egindako ekoizpenak zuzenean ezagutzeko aukera emanez. Bisitariek aukera izango dute egileekin artelanei buruz dituzten iritziak trukatzeko eta artisten iruzkinak jasotzeko. Lan horiek arte garaikidearen azken joeren, moduen eta lan-prozesuen erakusgarri dira.

Urazurrutia kaleko 32. zenbakian dagoen udal arte zentroko aretoetan adin eta jatorri ezberdinetako artista garaikideen proposamenak egongo dira egunotan: M. Benito Píriz (‘Panda’), Manu Blázquez, Blanca Castro Ponce, Fátima Conesa, Juana García-Pozuelo, Auritz Iñurrieta Orbezua, Fermín Moreno Martín, Antoine Nessi, Gareth Phillips, Laurita Siles, Amaya Suberviola eta Fernando Villena.

 Ate irekiak BilbaoArteko artista egoiliarrek eta ekoizpenerako laguntzen onuradunek beren egoitzan egindako proiektuak ospatzeko eta aurkezteko jardunaldia da. Estudioetan eta tailerretan hamar hilabetez lan egin ondoren, artistek beren estudioak eta lanerako espazioak erakusketa gisa prestatu, eta beren praktikan interesa duten pertsona guztiekin elkarreragiteko aukera ematen dute.

Jardunaldi hau hiru eguneko iraupena duen programa batean egituratzen da, eta bateratu egiten ditu estudioen irekitzea ordu tarte zabal batean, izaera pribatuko bisita profesional espezializatuak (galeristak, kultur kudeatzaileak, etab.), eta arratsalde ludikoago bat, non musikak konpartitzeko eta ospatzeko espazio bat eskaintzen duen.

Estudiotik atera eta mundura aurkeztea alteritate hegelianoko ariketa bat da, non “bestea” ezagutu ez ezik, “bestea” errekonozitu, eta bien arteko harreman-dinamika berriak ahalbideratzen ditu. Jendaurreko aurkezpen ekitaldi honek, aldi berean, BilbaoArtek urtean zehar proiektu barnean garatzen duena jakinarazteko aukera ematen dio. Teknika, prozesu eta baliabide tekniko eta pertsonalak ekoizpen material bihurtzen dira, instalazio eta artelan gisa. Era berean, BilbaoArten artista egoilar, erabiltzaile edota ikastaro espezializatuetan eta programatutako jardueretan parte hartu duten artistek bizi izandako esperientzien islada egiteko aukera ezinhobea da.

EGITARAU PUBLIKOA ETA ATE IREKIEN JAIA

EKAINAK 22
17:00 – 21:00. Sarbide librea estudioetara

EKAINAK 23
11:00 – 14:00. Sarbide librea estudioetara
17:00 – 21:00. Ate Iriekien Jaia. Sarrera librea estudioetara + Musika zuzenean + Garagardoa patioan

EKAINAK 24
11:00 – 14:00. Sarbide librea estudioetara
17:00 – 21:00.  Sarbide librea estudioetara

 

BILBAOARTE: DEIALDIEN ERABAKIA

Ikasturtearen amaiera dela eta, BilbaoArtek jakitera eman du BilbaoArten estudio lagapena duten proiektu artistikoak egiteko 2026-27 Ekoizpenerako Laguntzen deialdiaren erabakia. Alain Urrutiak, Sahatsa Jauregik eta Tania Pardok osatutako profesionalen eta artisten kanpoko epaimahai batek azken 11 artistak aukeratu ditu. Jon Ibala, Estanislao Comella, Karlos M. Bordoy, Celia Viada, Alazne Zubizarreta, Leire Lacunza, Javier Ozcoidi, Javier Lozano, Izar Ocariz, Ismael Iglesias eta Itxaso Fernández izango dira 11 hilabeteko egoitza egingo dutenak, 2026ko irailean hasita.

Era berean, III. Komisariotza Deialdiaren epaitza ere iragarriko da. Aurten ere BilbaoArtek abian jarritako ekimen honen helburua da BA Bilduma, berau osatzen duten artistak eta obrak zabaltzea, erakusketa-proiektu bat eta horri lotutako programa publiko batzuk garatzea, eta arte- eta kultura-sektoreko profesionalentzako laguntza-ildo bat sortzea, kuradore-proiektuak garatzeko.

Aukeratutako proiektua BA bildumako lanekin soilik osatuta dago, eta 2026ko azarotik 2027eko otsailera bitartean egongo da ikusgai URIBITARTE40 aretoan.

Exposición BilbaoArte
Cookie politika
BilbaoArte

Webgune honek cookie propioak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu behar bezala funtzionatzeko eta nabigazio-ohituretan oinarritutako profil batean oinarritutako helburu analitikoetarako. Informazio gehiago nahi izanez gero edota zure lehentasunak aldatzeko, kontsultatu cookie-en politika.

Behar-beharrezko cookieak

Behar-beharrezko cookieak beti aktibatuta egon behar dute zure cookie-hobespenen ezarpenak gorde ahal izateko.

Analisi-cookieak

Webgune honek Google Analytics erabiltzen du informazio anonimoa biltzeko, hala nola webguneko bisitari kopurua edo orririk ezagunenak.

Cookie hauek aktibatuta uzteak gure webgunea hobetzen laguntzen digu.