BilbaoArtek “Bordea” erakusketa indibiduala inauguratuko du URIBITARTE40 Aretoan, Gabriel Coca artisitaren lanarekin

  • Areto horretarako espezifiko sortua, erakusketak bere ekoizpen berriaren marrazki eta pintura multzo bat jasotzen du, hau da, BilbaoArten 2023-24 aldian egin zuen  egonaldian sortutako obrak.
  • Erakusketaren baitan, gaurko pinturari buruzko mahai-inguru bat egingo da, Luis Candaudap eta Fermín Moreno pintoreekin batera; halaber, proiektuaren kariaz Jaime Cuenca akademiko eta Fran Fraca diseinugilearekin batera argitaratutako liburuaren aurkezpena egingo da; eta zenbait bisita gidatu ere egingo dira, artistarekin eta gidari profesionalekin.
  • Erakusketa dohainik bisitatu ahal izango da 2024ko irailaren 27tik azaroaren 10era bitartean.

Bilboko Udalaren ekoizpen artistikoko zentroak erakusketa berri bat aurkeztuko du URIBITARTE40 Aretoan. Zentroan bekaduna izandako Gabriel Cocak sinatua, “Bordea” Aretoko laugarren erakusketa indibiduala da.

Artista aukeratu zen Zuhar Iruretagoiena (Zarautz, 1981), Fermín Moreno (Bilbo) eta Ixone Sádaba (Bilbo, 1977) biltzen zituen kanpo-epaimahai profesionalaren bidez –horiek guztiak gaur egun jardunean dauden eta aurreko urteetan BilbaoArteren beka jaso zuten artistak dira-, eta bere erakusketa 2024/25 ikasturtean URIBITARTE40 Aretoan egingo diren hiru proiektu indibidualen lehenengoa izango da. Argiñe Ceballos Gelozaga (Ugao-Miraballes, 1999) eta Amaia Gracia Azqueta (Iruñea, 1985) artistek osatuko dute zentroaren programazioa 2025ko ekainera arte, Lorenzo Galgók eta Iñigo Villafranca Apesteguíak komisariatuko duten BilbaoArte Bildumari buruzko erakusketa kolektibo batekin batera.

Bordea [ertzetik doa] izenburupean, erakusketak tamaina txiki, ertain eta handiko marrazki eta pinturen multzo handi bat biltzen du; horiek guztiak BilbaoArten egindako egonaldian sortutakoak dira, estudioa erabiltzeko aukera eskaintzen duen bekari esker.  Berarekin batera, artistak obra-corpus berri bat garatu du, aurreko proposamenekin elkarrizketan aritzen dena; bertan, badu presentzia espazio piktorikoan apurketa eta tentsioa sortzeko keinuak, indarrak kontrajartzearen bidez, eta baita harmonia aurkitzeko keinuak ere. Trazuaren bidez ezarritako formek, geruza eta lodierak gainjarrita, laguntza ematen diote artistari pinturaren gorpuztasuna agerian uzteko, koadroaren azaletik zirkulatzeko, perimetroa mugatu eta zaintzeko; ertzetan sartzea eta ertzetatik ateratzea, guztia okupatzea, soberan dagoena kentzea, erritmo bat markatzea, aurrera egitea, atzera egitea eta barrurantz joatea. Izan ere, Cocarentzat trazuaren ertza marra bat da, aldi berean mugatu, bereizi eta barneratu egiten duen forma bat, batu eta definitzen duena, zeharkatu eta kontaktuan jartzen duena.

Bordearen ardatz nagusiak marrazkia eta pintura dira, eta bere praktika artistikoan ikergai dituen kezka eta hausnarketa batzuk kondentsatzen ditu. Lan honen emaitza bere praktika piktorikoaren prozedurari buruzko ikerketa baten ondorioa da. Artistak marrazkian oinarritutako metodologia bat garatzen du, formak eta eskuaren mugimendu berriak aurkitzeko. Irudi piktorikoa bideratzeko forma berriak deskubritzeko borondatearekin, Cocak erabakitzen du hizkuntza piktorikotik urruntzea eta ausaz egindako paper-ebakietatik abiatzea; geroago, ebaki horiek ikatz-ziriz inguratzen ditu, edo trazu erregular eta irregularrekin esku hartzen du. Lan egiteko forma berri horrek bultzatuta, marrazkia azala kudeatzeko metodotzat hartzen du, eta papera –espazio zuri hori- espaziotzat; eta marrazkia espazioa hautemateko formatzat eta denboran egoteko modutzat. Era horretan, marrazkia arreta jartzeko eta formak deskubritzeko leku gisa deskubritzen du, eta gero modu desberdinetan esku hartzen du bertan.

Bere obra piktorikoetan, antzekoak diren gauza batzuk gertatzen dira, eta oso desberdinak diren beste batzuk. Oihalaren azal hutsa, laukizuzen zuri hori, okupatzeko espazio bat da artistarentzat.  Artistak marrazkiaren trazua hartzen du abiapuntutzat, eskuaren keinua askatzen du, bere begia gidatzen duten eta espazioa ordenatzea ahalbidetzen dioten marka batzuk ezartzeko. Puntu horretara iritsita, Cocak deseraiki egiten du irudia, apurtu eta okertzen du, trazuen eta kolore-orbanen bidez, batez ere instintuak gidatuta, begiak eta arrazoimenak baino gehiago. Geruzaz geruza, brotxak emandako dentsitate eta testura desberdinez, hasierako marrazkia ezabatzen du azkenean, forma keinuaren bitartez sorrarazten saiatuz. Keinu hori garrantzitsua da, marrazkiaren inguruan mugitzen da, inguratu egiten du; aurrez aurre jarri, gainjarri eta elkar zeharkatzen dituzten forma solidoen multzo bat ezartzen du, batzuetan egoera harmoniatsuak eta beste batzuetan gatazkatsuak bilatuz. Azkenean, emaitza euren ertzetan dar-dar egiten duten kolore-masa handiak dira. Cocari interesatzen zaio pintura gertaera bat izatea; nerbio-sistemara zuzenean sar daitekeen zerbait. Horrela bakarrik eusten dio marrazkiak pinturari, eta pinturak marrazkia inguratzen du.

ARGITALPENA

Erakusketaren kariaz, artistaren monografia bat argitaratzen da, bere azken ekoizpena jasoz; ekoizpen hori guztia BilbaoArte ekoizpen artistikoko Zentroan urtebetez egindako egonaldian gauzatua da. Olio-marrazki eta –pinturak, artistak pintura garaikidea ulertzeko duen modua orokorrean laburbiltzen dutenak. URIBITARTE40 Aretoko erakusketaren bistekin batera, liburuak badu Jaime Cuencaren –Gizarte eta Giza Zientzietan Doktorea eta Filosofian Lizentziatua-  testu bat, Cocaren obra eremu teorikotik aztertzen duena.

Liburua FFracak diseinatu du -(design office), www.ffraca.com-, eta dohainik egongo da eskuragarri erakusketa aretoan urriaren 24tik aurrera. Azaroaren 7an, 19:00etan, beraren aurkezpena egingo da, erakusketa-proiektuari lotutako programa publikoen barruan.

GABRIEL COCA, ARTISTA

Iruñea, 1989

Pintura Masterra UPV/EHUtik eta Arte eta Diseinuan graduatua Bartzelonako Escola Massanatik.

Egonaldiak egin ditu du Arteleku ekoizpen-zentroan (Donostia) eta Huarteko Arte Garaikideko Zentroan (Nafarroa). Nafarroako Gobernuaren arte plastiko eta bisualen ekoizpenerako laguntzen onuraduna izan zen 2021ean. Erakusketak egin ditu kultur etxe eta galeriatan, hala nola CACH (Nafarroa), SC Gallery (Bilbo), Galería Altxerri (Donostia-San Sebastián), Basauriko Kultur etxea (Bizkaia) edo Parés Aretoa (Bartzelona). Horrez gain, azoka batzuetan ere izan ditu erakusketak, hala nola Bilboko FIG eta UVNT Art Fair (Madril). Bere lana zenbait bildumatan aurki daiteke, hala nola DKV, Agefred edo BilbaoArte Fundazioarenean.

Gabriel Cocaren (Iruñea, 1989) praktika artistikoaren ardatza pinturaren propietateei buruzko ikerketa da, eta bitarteko horrek berez dituen aukerei buruzko hausnarketa bat da. Pintatzea keinu bat da artistarentzat, desio baten bultzadagatik egindako ekintza bat, zerbait ikusteko nahia, oraindik ere ezer ez den zerbait hori ikusteko nahia. Materia, kolore eta trazuaren bidez forma hartzen duen indar hori bistaratzea.

Espazio piktorikoa gainjartzen diren eta elkar ukatu edo berresten duten pintura-geruza askoren multzo batez ezartzen da.  Koadroa leku gisa ulertzen du, pintura gelditutako une baten irudi gisa, orainaldi material bat.

EGITARAU PUBLIKOAK

  • INAUGURAZIO EGITARAUA
    Inaugurazioa eta proiektuaren aurkezpena
    2024ko irailak 27, ostirala, 19:00 – 21:00
    Bisita gidatua artistarekin
    2024ko irailak 28, larunbata,  12:30ean
  • BISITA GIDATUAK
    Bisita gidatua publiko orokorrarentzat (euskaraz eta gaztelaniaz), entzumen-dibertsitate funtzionala duten pertsonentzat irisgarria; gaztelaniazko Zeinu Hizkuntzan eta mintzatua, aldi berean:
    Urriak 9, asteazkena (euskaraz), 19:00
    Urriak 23, asteazkena (gaztelaniaz), 19:00
  • MAHAI-INGURUA
    Pintura Unibertsoa. Prozesu piktorikoei buruz
    Parte-hartzaileak:  Luis Candaudap, Gabriel Coca, Fermín Moreno (artistas)
    Eguna: urriak 10, osteguna
    Ordua: 19:00
  • LIBURUAREN AURKEZPENA
    Bordea. En busca de la forma, erakusketaren kariaz argitaratua.
    Parte-hartzaileak: Gabriel Coca (artista), Jaime Cuenca (Filosofian Lizentziatua, Gizarte eta Giza Zientzietan Doktorea, Deustuko Unibertsitateko Irakaslea) eta Fran Fraca (Diseinugile grafikoa FFraca, design office-n).
    Eguna: azaroak 7, osteguna
    Ordua: 19:00

ARETOAREN ARGAZKIAK

LANEN ZERRENDA

KATALOGOA

Laster