Arquitectura corporal IV [Gorputz-arkitektura IV] (2015)
Baryta Satin 310gr museo paper gaineko inpresio digitala
94,2 x 63,7 cm (markoarekin)
BA Bilduma
Erregistro Zk.: 2015.300-1
Arquitecturas Corporales gorputzarekiko interesetik sortu da. Bertatik, identitateari buruzko galderak eta gogoetak aurkezten dira, gizarteak gorputzari ematen dion zentzuari buruzkoak, aldi berean gorputz bat edukitzeak eta izateak esan nahi duenari buruzkoak. Alde batetik, Judith Butlerrek azaltzen duen bezala, “gorputza esanahi kulturalak jasotzen dituen bitarteko pasibo gisa agertzen da”. Ildo horretan, onartzen da kulturak bultzatzen dituen txertatze-prozesuek gizarteko subjektuak osatzen dituztela, eta gorputza eraikuntza sinboliko bihurtzen dela. Bestetik, gorputza subjektuak bere ingurunearekin ezartzen dituen harreman guztien erreferentzia eta neurri gisa ere aurkezten da. Horrela, kanpoko munduaren eta subjektuaren beraren arteko bitartekaritzat jotzen da. Pertzepziotik, mugimendutik, oroimenetik eta presentziatik, subjektuak bizi den espazioaren eta denboraren gorputz-esperientzia du. Bi ikuspegi horiek presente daude proiektuan, objektu-protesien sorrera eta gorputzaren eta objektuaren arteko esplorazioak oinarri hartuta, oraina kodetzeko eredu soziokulturalak zalantzan jartzen dituzten hainbat narratiba garatzeko helburuarekin. Eraikuntza- edo esplorazio-prozesu horretan, gorputza espazio narratiboa da, eta metodologia bera ikerketa bihurtzen da, objektu beretik irakurketa edo narrazio ugari sor daitezkeelako.
“Gorputz-arkitektura” protesi bat da, gorputzak eta gorputzarentzat egindako egitura bat. Protesiak gorputz hibrido bat osatzen du, eta gorputza babesteaz gain, harrapatu ere egiten du. Gorputzeko kartzela baten moduan funtzionatzen du. Eragotzi egiten dio, murriztu eta baldintzatu egiten du, eta mugatu egiten ditu bere mugimenduak eta ekintzak. Baina gorputzak erresistentzia erakusten du. Zuraren pisuari, objektuaren inposizioei eta bere rolaren zamari eusten dien gorputz baten irudi metaforikoa eraikitzen du lanak. Proiektua 3 urteko ikerketa eginda garatu da. Hainbat eskultura, argazki, bideo eta marrazki dira. Gorputzari zentzua emateko helburuarekin hasi zen, eta, azkenean, nortasunaren bilaketa pertsonala izan zen; izan ere, artistak sakon ulertu zuen bere gorputzak zergatik axola duen.
Arquitectura Corporal IV multzoan, objektuak printzesa-soineko baten antza du. Artistak janzkerarekin lotu nahi ditu piezak —egunero erabiltzen ditugu jantziak, eta karga kultural eta soziala dute—, materialtasuna gorabehera joskintza ukitzen duen eraikuntza-soluzio baten bidez. Pensando en Penélope argazkian, joskintzaren narratiba indartzen da; izan ere, “egurrezko soineko” hori daraman emakumezko gorputz bat ageri da zurezko zatiak josten. Pieza honetan, bai argazkietan, bai bideo-performanceetan, narratibak gehiago jotzen du kontakizunera, non bi erreferentzia irakur daitezkeen: Sisiforen mitoa eta Odiseako Peneloperen pertsonaia. Sisifo eta Peneloperi buruz hitz egitea erresistentziazko egintza bati buruz hitz egitea da. Beren ekintzekin —arroka bat gailurrera eramatea, eta egunez ehuntzea eta gauez lana desegitea—, jainkoen borondatearen nahiz gizartearen irizpenen edo halabeharrezko patu baten menpe jartzeari uko egiten dion gorputz bat islatzen dute biek, ekintzak puntu absurdu bateraino eramanda.
(Artistaren web orritik ateratako testua)

