Ejercicio de pliegue [Tolestura ariketa] (2024)
Eskultura. Teknika mistoa.
79 × 200 × 9 cm
BA Bilduma
Erregistro Zk.: 2024.578.1
Artistak eskulturatik lan egiten du, marrazkia eta argazki-irudia erabiliz. Bere proiektuak elementu autobiografikoetatik abiatzen dira, alor politikotik eta pertsonaletik jorratzen dituen problematika unibertsaletatik. Atal prozesuala eta materialaren aukeraketa nabarmendu egiten dira bere jarduteko eran.
Zutabea, egitura, bertikaltasuna. Bertikaltasuna eta Tolestura ariketa obrak Mantu Flotatzailea izeneko lan-serie batean daude sartuta; kontzeptu horrek Errenazimenduko eta Barrokoko eskulturetako ehunkietan ageri diren toles-masei egiten die erreferentzia, eta hortik abiatzen da premisa gisa eta eskultura klasikoak sortzen dion nostalgiatik. Ideia horrek denboraz eta denborazkotasunaz hitz egiten du, sentikortasunaren eta afektuen bidez. Horrek ahalbidetzen dio artistari artista gisa sortzeko pultsioaz hausnartzea, gizakiaren izaera galkorrari lotuta; izan ere, berau denboraren ibilbide linealari jarraitzera dago behartuta, noranzko bakarrean joanez, baina artearen ausazko jardunaren bitartez aitzakia bat aurkitzen du egiten jarraitzeko eta gertaera bihurtzen den une hori aurkitzeko.
Bertikaltasun obran, orein buztanzuriko larru bat ia sabaitik dago esekita, eta bere azal irregularrak tolesak, burbuilak eta egoera likidotik solidora pasatzean inguratu duen atmosferaren berezko ezpurutasunak ditu. Bere bertikaltasuna burdinazko hagatxoz marraztutako idulki batean, Erekteioneko Kariatideen fotolito batean eta beira-zuntzezko kaxoi batean sostengatzen da. Gainjarritako geruzen joko bat sortzen da, non materialak mimetizatu eta iragazki moduko bat eratzen duten. Tolestura ariketa obrak, berriz, artista-liburuaren forma duen proposamen bat da, non artistak liburu baten berezko logikak eta kobentzionalismoak aldatzen dituen, instalazio bat proposatzeko; bertan, buztan zuriak eta gainjarritako geruzak eskultura-bolumen bihurtzen dira.

