Fronteras de oro [Urrezko mugak] (2012)
Burdin lakatua urre-koloreko pinturarekin
100 x 70 x 8 cm
BA Bilduma
Erregistro Zk.: 2012.207.2
Fronteras de Oro 2011 eta 2012 artean egindako Quiero mi Montaña seriearen parte da. Pieza 2012an sortu zen, EBZk Bartzelonan egindako bilera baten ondorioz, Schengengo Hitzarmena aldi baterako etetea eta Espainiaren eta Frantziaren arteko muga indartzea erabaki zenean. Herrialde batetik besterako bidea blokeatuta geratu zen, arrakala handi batek mapan markatutako lerroan benetako bereizketa ireki izan balu bezala. Amaia Graciak mugaren ideia deskodetu nahi du pieza honekin: sinboloa estetizatzen du, arreta haren gainean jartzeko eta historian erabaki politikoak hartu zituztenek adostutako lerro horren alderdi apetatsua nabarmentzeko —askotan ez da existitzen naturan—. Hautsitako lerro horren irudikapena keinu desmitifikatzaile, satiriko eta lotsagabetzat har daiteke, eta autoritatetzat jotzen duguna, pribilegio geografikoak eta etnikoak, hizkuntza eta kultura erlatibizatu eta zalantzan jartzen ditu.
“Kasu berezi bat Fronteras de oro pieza da. Pieza berezia da, metalezko plaka urratu batek muga-lerro bat eratzen duelako. Eraikita dagoen moduagatik, altzari/mapa bat da, bloke berean euskarria eta lekua lotuz. Urre-koloreko leku bikaina, norabide batean eta bestean hainbestek zeharkatu zuten muga, batzuk Europako gerratik ihesi, beste batzuk diktadura frankistatik eta gerra zibiletik ihesi edo lan bila. Mapetatik bereizten duen zerbait du: lerroaren bi aldeak berdinak dira. Ez daude kolore desberdineko bi herrialde, ez dago izenik, ezta muga dela dioen zeinu kartografikorik ere. Materialtasun berak lotzen ditu lerroaren bi aldeak, herrialdeen gaur egungo aniztasun linguistiko, kultural eta politikoak gorabehera. Eta arrakalak bitan banatzen du materia bakarra. Pieza honetan, mugak ez du banatzen, bi ertzak lotzen dituen ibai bateko ura bezalakoa da” (Imma Jiménezen Paisajes que pertenecen al espacio del arte testuan, Quiero mi Montaña katalogoaren barruan, BilbaoArte Fundazioa, 2012).
Amaia Gracia Azqueta Arte Ederretan lizentziaduna da, eta Ikerketa eta Sormena Artean Masterra egin du EHUn. Eskulturatik egiten du lan, marrazkia eta argazki-irudia erabilita. Bere proiektuen abiapuntua autobiografikoa da, politikatik eta arlo pertsonaletik jorratzen dituen arazo unibertsalak. Alderdi prozesuala eta materialaren aukeraketa nabarmentzen dira haren lan egiteko moduan. Mendia, lurraldea, identitatea eta afektuak landu ditu, lehenago. Bere lehen amatasunetik, denboraren, erresistentziaren, abiaduraren eta iraunkortasunaren nozioak ikertzen ditu.
