Modelo Estralurtarra 1.0 (2017)
Eskultura. Zeramika, ilea, oihala, zura, soka, akrilikoa eta beste batzuk
45 x 7 cm
BA Bilduma
Erregistro Zk.: 2017.380.1
Artea energia katartikoak elkartzen diren adierazpide bat izan liteke, eta horrela defendatzen du Mara Onak, botere terapeutiko bat emanez. Artistak, «Outsider»-aren munduan murgilduta, bazterreko artea ere deitua, objektu eta material ezberdinekin egindako eskulturak sortzen ditu, horiek forma eta eszenatoki ezberdinak sortzen laguntzen baitiote. Bere praktikak beste sorkuntza metodo batzuk ere barne hartzen ditu, hala nola grabatua, pintura, bideoa eta argazkigintza.
BilbaoArten garatutako proiektu honekin espazio-denboraren punturen batean egon litezkeen figurak sortzen lortzea izan zuen helburu. Ikuspegi hau zeramikaren bidez gauzatu zen, beste material batzuekin batera, hala nola ehuna, ilea, erretxina, harriak edo kristalak, artistaren arabera propietate «mistikoak» zituztenak. Lan honetan, ezaugarri bereziak dituen irudi antropomorfo bat aurkitzen dugu: goialdeari, zilindro ilunen multzo batez osatua, ehuna edo ilea gehitzen zaio; behealdeak, berriz, irtengune biribil bat duten hanka luze batzuk irudikatzen ditu -hanka horietatik, kate eta ehun batzuk zintzilik daude-. Bere polikromia giza ezaugarriak ematen dizkiolako nabarmentzen da, takoi gorridun zapatak edo galtzerdi marrak kasu.

