NEEV. Mosul 1 saila (2019)
Tinta mineralekin egindako inprimaketa, 310 g-ko Fine Art paperean
111 × 162,1 cm
BA Bilduma
Erregistro Zk.: 2019.522.1
Mosul hiriak, Irakeko iparraldean, komunikabideetara salto egin zuen 2014ko ekainean, Estatu Islamikoak hiria bereganatu zuenean. Mosul izan zen exekuzioen, jazarpenen eta ondarea suntsitzearen epizentroa gerran zehar. 2015ean hiria askatu zuten arren, Mosulek hondatuta jarraitzen du berreraikitzeko zain. Hiri hori, suntsipenarekin, hondakinekin eta hutsunearekin, Begoña Zubero argazkilari euskaldunak bereganatu du 2019ko hasieran.
NEEV. Mosul 1 seriea lan horren emaitza da, berreraikitze geldoan dagoen hiri baten ikuspegi bat, hondakinak, adreiluak eta hondeamakinak kaleetan barrena dituena, hondakinen artetik ateratzen diren burdinekin eta eguneroko bizimoduko dendetan kartelak jarrita. Artistaren beraren hitzetan, “ez dut gaurkotasuna argazkian behar; iradokitzea interesatzen zait. Irudia dokumentu gisa ikusten dut, baita ikuspegi plastiko eta poetiko batetik ere. Nik ez dut gerraz hitz egiten, gero gertatzen denaz baizik “. Argazki bakoitzaren giroak, bere argi arrearekin, kea bezala, bereizten du hondoa, gerraren oroitzapena balitz bezala, zerumugarik gabe. Egoera hori xehetasunetan islatzen da, hala nola, horma sarraskituen gainean margotutako paisaietan edo suntsitutako liburutegi baten espazio atsekabegarrian. Argazkietan ia inor ez ibiltzeak denboragabetasuna ematen die argazkiei, eta, ondorioz, espazio gogoetatsuagoak bihurtzen dira.
Zubero euskal argazkilaria da, paisaiaren eta arkitekturaren bidez memoria historikoari buruz lan egiten duena, giza aztarna argazkietan agertzen diren espazioetan lotuz. Argazkiak ateratzeko aukeratzen dituen tokiek garrantzi handia dute gertaera edo gertakari garrantzitsuetan duten testigantzagatik. Bere ibilbide profesionalean hainbat hizkuntzarekin esperimentatu du, hala nola bodegoiekin 90eko hamarkadan – New Yorkeko etaparen ondoren –, argazkilaritza subjektiboarekin, abstrakzioarekin eta, bereziki, arkitekturako argazkigintzarekin.
