2024ko martxoaren 26an, 19:00etan, BilbaoArteko URIBITARTE40 Aretoak Roberto Aguirrezabalaren «Libro no-libro» (Liburua ez-liburua) bakarkako erakusketa inauguratuko du.
Libro no-libro (Liburua ez-liburua) BilbaoArten 2010ean eta 2015ean egonaldia egin zuen Roberto Aguirrezabala (Sestao, 1971) artistaren erakusketa bat da. Proiektuak biltzen du –berrogei piezaz baino gehiagoz osatutako instalazio bakarrean- erresistentzia klandestinoko mugimenduen inguruan egin duen azken sorkuntza-lana; horretarako, eskuz soilik egindako argitalpenen autoedizioa hartu du abiapuntutzat, eboluzio-prozesu bete-betean dagoen manifestu gisa. Erakusketak bere azken artista-liburuak jasotzen ditu, hots, euren muga propioak bilatzen dituzten obra editorialak, interbenitutako objektuak eta XX. mendeko erresistentziaren jatorrizko pieza historikoak. Memoria historikoa da diziplina anitzeko izaera nabariagoa duen obra honen ardatz egituratzailea. Argazkigintza, eskultura, instalazioa, artisautza, pentsaera kritikoa eta ekintza politikoa elkartu egiten dira gizabanakoaren gatazkak esploratzeko, bai identitateari lotutakoak eta bai sozialak.
Izenburua: Libro no-libro.
Artista: Roberto Aguirrezabala (Sestao, 1971).
Lekua: BilbaoArte Fundazioa, URIBITARTE40 Aretoa (Uribitarte Pasealekua, 40)
Datak:martxoak 26, 2024 – apirilak 21, 2024
Aretoaren ordutegia: asteartetik larunbatera 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Igande eta jaiegunetan 11:00etatik 14:00etara.
Samizdat serieko argazkia. Protagonistak Hiru zuzi bizidun (2021) obrako bi piezaz estalita ageri dira. Obra 1969ko urtarrilean Txekoslovakiaren okupazio sobietarraren aurka protesta egiteko immolatu ziren hiru ekintzaileei eskainia da.
Roberto Aguirrezabala (Sestao, 1971) Bilbon bizi da eta bertan lan egiten du. 2010ean eta 2015ean BilbaoArteko artista egoiliarra, Aguirrezabala Arte Ederretan lizentziatua da UPV/EHUtik (1995), ikus-entzunezkoen eta pinturaren espezialitatean. Argazkigintzagatik interesatuta, Jesús López de Uribe argazkilariarekin hartu zuen prestakuntza 1990 eta 1992 bitartean. 1995ean, Teknologia berriak eta Internet masterra egin zuen Bilboko Teknologia berrien Tracor Zentroan. Arteleku arte-zentroa bere prestakuntzaren beste ardatz nagusietako bat da, bertan Txomin Badiolak eta Ángel Badosek 1994an zuzendutako eskultura-tailerra egin baitzuen, eta baita Rodriguez Fundazioak 2000-01ean emandako Arte elektroniko eta Elektrizitatearen tailerra ere.
Zenbait sari eta beka eskuratu ditu, hala nola Kultura eta Kirol Ministerioarena (2023, 2022, 2021); Eusko Jaurlaritzarena (2023-21, 2019-18, 2016); Bragako –Portugal- Encontros de Imagen 2022 jaialdiko 3. Saria; Bragako –Portugal- Photbook Award (2023); Aarhuseko –Danimarka- PhotoBookWeek Jaialdiaren Open Call (2021); Montehermoso Saria Viphoto 2018 Jaialdian; Artista-libururako V. Ankaria Sariaren lehenengo saria, 2018an. Bere erakusketa indibidualen artean, honako hauek nabarmentzen dira: Museo de la Guerra (Gerraren Museoa), Gasteizko Montehermoso Kulturunean (2019); Entropía (Entropia), BilbaoArte Fundazioan, Bilbo (2016), Net.art 1998-2008. Arte Garaikideko Huarte Zentroan, Nafarroa.
Beraren obrak bilduma publiko eta pribatu ugaritan du presentzia: MNCARS, Sofia Erregina Arte Zentroaren Museo Nazionala (Madril), Bilboko Arte Eder Museoa, Gabriela Cendoya Bergareche Collection, San Telmo Museoa (Donostia-San Sebastián)), De Pietri Artphilen Foundation (Lugano, Suitza), Ankaria Fundazioa, Bilbao Arte Fundazioa, Caja Madrid, MEIAC, Extremadurako Arte Garaikidearen Extremadura eta Iberoamerikako Museoa, Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia, UPV/EHU, beste batzuen artean.
www.robertoaguirrezabala.com
PROGRAMA PUBLIKOAK
AURKEZPENA ETA BITRINEN IREKIALDIA
2024.03.26
Libro no-libro (Liburua ez-liburua) PROIEKTUAREN AURKEZPENA, Roberto Aguirrezabala artistarekin (Bilbo, 1971)
Ordua: 19:00.
Sarrera librea plaza guztiak bete arte
2024.04.17
BISITA GIDATUA ETA BITRINEN IREKIALDIA. Proiektuaren aurkezpenaren kariaz, Aguirrezabalak bere obraren aurkezpen bat eskainiko dio bertaratzen den publikoari, eta bitrinak ireki egingo ditu, bere ibilbidean zehar egindako artista-liburu eta edizio berezi batzuk hedatu eta erakutsi ahal izateko.
Ordua: 19:00.
Sarrera librea plaza guztiak bete arte
BISITA GIDATUAK
2024.04.03
BISITA GIDATUA, EUSKARAZ, aldi bereko itzulpenarekin gaztelaniazko Zeinu-hizkuntzara, Marta Van Tartwijk (Bartzelona, 1990) artistaren Waving eta Roberto Aguirrezabalaren (Bilbo, 1971) Libro no-libro (Liburua ez-liburua) erakusketetara.
Ordua: 19:00.
Sarrera librea plaza guztiak bete arte.
2024.04.10
BISITA GIDATUA, GAZTELANIAZ, aldi bereko itzulpenarekin gaztelaniazko Zeinu-hizkuntzara, Marta Van Tartwijk (Bartzelona, 1990) artistaren Waving eta Roberto Aguirrezabalaren (Bilbo, 1971) Libro no-libro (Liburua ez-liburua) erakusketetara.
Ordua: 19:00.
Sarrera librea plaza guztiak bete arte.