URIBITARTE40 aretoan Praktika nomadak 2023/25 erakusketa dago ikusgai; hots, honako artista hauen erakusketa kolektiboa: Juana García-Pozuelo, Harald Gmeiner, Helena Guy Lhomme, Victor Ortuño, Caterina Morigi, Javier R. Pérez-Curiel, Saray Pérez Castilla eta Matteo Vettorello. Erakusketa irailaren 26tik azaroaren 9ra ikus ahal izango da.
PRAKTIKA NOMADAK 2023/25 honako artista hauen erakusketa kolektiboa da: Juana García-Pozuelo, Harald Gmeiner, Helena Guy Lhomme, Victor Ortuño, Caterina Morigi, Javier R. Pérez-Curiel, Saray Pérez Castilla eta Matteo Vettorello. Proiektuan biltzen da Europako mugikortasunaren eta trukearen nazioarteko programan parte hartutako zortzi artistek 2023tik 2025era egindako egonaldi artistikoetan zehar sortutako obra. Programa BilbaoArtek sustatzen du, eta bertan sartzen dira Fondazione Bevilacqua La Masa (Venezia, Italia), Kunsthaus Bregenz (Bregenz, Austria) eta JAD Le Jardin des métiers d ‘Art et du Design (Paris, Frantzia).
Programa Bilboko Udalaren laguntzari eta Otaola Ubieta familiaren lankidetzari esker garatzen da, eta aukera ematen du hautatutako artistek iraupen desberdineko egonaldiak egiteko Europa-mailako ekoizpen-zentroetan; era horretan, Bilboko (Euskal Herria), Bregenz-eko (Austria), Parisko (Frantzia) eta Veneziako (Italia) artisten, erakundeen eta testuinguru kulturalen arteko lotura sustatzen da.
Ekoizpen artistikoko zentroen bereizgarria da denbora, espazioa eta baliabideak eskaintzen dituztela proiektu artistikoak euren testuinguruen barruan egiteko. Esperientzia horiek, praxiari, trukeari, gogoetari eta askotariko aditu, artista eta agente kulturalekin batera lan egiteari esker, lagungarriak dira artisten sustapen eta garapen profesionalerako. Lan-ildo horrekin bat etorriz, BilbaoArtek hitzarmen eta lankidetzak ditu finkatuta Europako ekoizpen artistikoko beste zentro batzuekin, hau da, helburu eta xede berberekin lan egiten duten beste zentro batzuekin, zeren horrek ahalbidetzen baitu artistak trukatzea, haien egoitzetan egonaldiak egiteko.
Hain zuzen ere, erakusketaren izenburuak –Praktika Nomadak- truke artistikorako programaren funtsa islatzen du, artistek euren egonaldietan egiten duten lanaren izaera aktibo eta praktikoaren izaera nabarmentzeaz batera, leku bakoitzean garatutako prozesu sortzaileetara eta praktiketara zuzenduta baitago. Horrekin batera, mugikortasunaren eta bidaiaren zentzua gordetzen du, artistek Bilbo, Paris, Bregenz eta Venezia artean egindako joan-etorriak islatuz; izan ere, esplorazio- eta ikaskuntza-espiritua gogora ekarri ez ezik, artisten eta erakundeen lankidetza eta sare-lana ere ahalbidetzen baititu, ideiak, kulturak eta inspirazioak elkarri lotuz.
Orokorrean, proiektuak askotariko gaiei eta ikerketa-ildoei heltzen dien obra multzo bat biltzen du, hainbat hizkuntza eta adierazpen-formen bidez, hala nola eskultura, bideoa, soinu-instalazioa edo pintura. Horietan guztietan, obren testuinguruaren praktiken, tekniken eta ikaskuntzen eragina geratzen da agerian.
Proiektuen eta ikerketa-ildoen artean, honako hauek aurkitzen ditugu: Ameriketako Estatu Batuetako hiri inguruneko etxebizitzen irudikapena, edo hango ikus-entzunezko ekoizpenaren hegemonia estetikoa eta horrek Mendebaldeko iruditeria kolektiboan duen eragina, Juana García-Pozueloren pinturaren bidez; gizakiaren nozio eta interpretazioen esplorazioa, euren bizi-inguruneei lotuta, kasu honetan Bilbo Hiriari lotuta, formatu handiko pinturetara eramana, Harald Gmeinerren kasuan; ardi merinoaren artiletik abiatuta egindako objektu eta elementuen ekoizpena, giza espezieak beste izaki bizidunen aurrean kokatzeko duen formaren inguruan sentsibilizatzeko eta hori kuestionatzeko bide gisa, Héléna Guy Lhommeren aldetik; itsas izakien (itsas maskorrak eta trikuak, adibidez) exoeskeletoei buruzko ikerketa biomedikoak, maila mikroa eta makroa bateratzen dituen eta mundu garaikidearekin eta giza izaera lehengoratzeko aukerekin paralelismoak ezartzen dituen ikerketa ireki gisa, Caterina Morigiren kasuan; Europako paisaiaren desertifikazio ekologiko eta kulturaleko prozesuak, irudia eta soinua esploratzearen bidez eta Muranoko kristalez eta zeramikaz gauzatutako prozesu eskultorikoez baliatuz, Saray Pérez Castillaren praktikan; leundutako beiratik abiatuta eraikitako eskulturak: kolore desberdinetako kristal distiratsu txikiz osatutako material bat, bere erabilera funtzionalean, iragazle gisa, bestelako loturak sortzen dituena bere esku-hartzearen xede diren elementuen artean (ura, harria, airea), Victor Ortuño Sánchezen eskutik; gorputzaren eta barne-espazioen arteko lotura emozionalen irudikapenaren bilaketa, bideo-instalazio eta eskulturen bitartez, Javier R. Pérez-Curielen kasuan; edo pertsonen arteko harremanak orekatzen dituzten sintonizadore biometrikoen sorkuntza, efizientziaren nozioa kuestionatuz eta tresna horiek berriz elkartzeko eta konpartitzeko une eta espazio bihurtuz, Matteo Vetorello artistaren eskutik.
Erakusketa modu librean eta doan ikus ahal izango da 2025eko irailaren 26tik azaroaren 9ra, BilbaoArte Fundazioaren Uribitarte40 Aretoan. Ondoren, Veneziako Bienaleko Nazioarteko 61. Arte Erakusketarekin bat eginez, Fondazione Bevilacqua La Masan egongo da ikusgai, Giudecca 621 (San Cosmo zelaia, 30133 Venezia) 2026an, irailaren 17tik azaroaren 3ra bitartean.
Proiektua Bilboko Udalari, Bizkaiko Foru Aldundiarekin lankidetzan, eta Otaola Ubieta Familiaren mezenasgoari esker gauzatzen da, eta Fondazione Bevilacqua La Masarekin trukatzeko programaren babes egonkorra du.
Istituzione – Comune di Veneziarekin lankidetzan

ERAKUSKETAREN FITXA TEKNIKOA
Izenburua: Praktika nomadak 2023/25
Artistak: Juana García-Pozuelo, Harald Gmeiner, Helena Guy Lhomme, Victor Ortuño, Caterina Morigi, Javier R. Pérez-Curiel, Saray Pérez Castilla eta Matteo Vettorello.
Ekoizpen- eta truke-zentroak: Fondazione Bevilacqua La Masa. Venezia, Italia; BilbaoArte Fundazioa. Bilbo, Euskal Herria
Kunsthaus Bregenz. Bregenz, Austria; Le Jardin des métiers d ‘Art et du Design. Paris, Frantzia.
Lekua: URIBITARTE40 aretoa (Uribitarte pasealekua, 40. 48009 Bilbo).
Egunak: 2025eko irailak 26 – 2025eko azaroak 9
INAUGURAZIO PROGRAMA
Inaugurazioa eta aurkezpen publikoa
Eguna: Ostilara 26 irailak
Ordua: 19:00etan
Sarrera doan
Performancea eta Matteo Vettorelloren RESPIRO – PROY [GIGIA] aktibatzea
Ordua: 19:15ean
BISITA GIDATUAK
Aldi bereko bisita gidatua LSEn (Espainiako zeinu-mintzaira) eta mintzatua
Asteazkena, urriak 8 (eusk.), 19:00etan
Asteazkena, urriak 22 (gazt.), 19:00etan
Sarrera doan.
MAHAI-INGURU
Egoitza artistikoak eta truke-programak: ikaskuntza-ereduak aztergai
Urriaren 16an, 19:00etatik 20:30era.
Sarrera doan.

