2022ko apirilaren 1etik 29ra bitartean, BilbaoArteko Urazurrutia Aretoak «Pretérito imperfecto» erakusketaren ateak irekiko ditu Helí García Granadako artistaren lanarekin. Erakusketa apirilaren 1ean, 19:00etan, inauguratuko da jendearentzat. Bisitak astelehenetik ostiralera izango dira, 17:30etik 20:30era, eta sarrera librea izango da.
Nire lanean sorkuntza partzialki suntsitzaile den ekintza gisa eta artifizioa naturalaren kontrako eta ordezko gisa jorratzen ditut. Zuhaitzaren edo lurraren eraldaketak garrantzi sinboliko handia hartzen du. Zalantzan jartzen dut nire artea, baita norbanako-sortzaileak bere gizartean eta naturan duen zeregina ere.
Pretérito imperfecto: anaiak, lehengusuak eta hirurok umez eraikitako txabola txiki baten oroitzapenaren inguruan sortzen da. Zuhaitz baten adarren gainean atseden hartu beharrean, lau enborrek, horreo bateko zutabeek bezala, lurretik metro erdira eskas altxatzen zuten. Eraikuntza eta suntsiketa, ametsa eta errealitatea, bat datoz egur berrerabilien mihiztatze zakar horretan. Funtsean, zuhaitz bizigabe eta desmuntatu baten gainean zegoen jostailuzko txabola bat zen.
Zuhaitz bizirik ez egoteak 80 eta 90eko hamarkadetako film estatubatuar ezagunek inokulatutako haurtzaro estereotipatuaren irrikarekin lotzen da. Horietan, protagonistak sarritan jaisten ziren bere zuhaitzetako txabolatik, ibiltzeko edo pedalei eragiteko natura erakargarri bezain etsai baterantz –batzuetan naturaz gaindikoa erakargarria bezain etsai.
Nire egungo irakurketak erakargarritasun hori nerabezaroaren, giza naturaren eta sexualitateari eta heriotzari buruzko misterioen aurkikuntzarekin identifikatzen du.
Helí García (Granada, 1983) Granadan habiarazi zuen bere heziketa artistikoa, Poznango (Polonia) Sztuk Pieknych Akademian Lizentziatura amaituz. Ordudanik buru-belarri dihardu sorkuntzan. Bere lana Europako hainbat herrialdetan egon da ikusgai, baita Japonian, Taiwanen edo Estatu Batuetan ere, eta estatuko eta hainbat nazioarteko erakunde eta arte-zentroen bildumetan dago. Sari ugari jaso ditu Andaluzian eta Madrilen, eta egoitzak egin ditu Taiwanen, Italian, Argentinan, Estatu Batuetan, Japonian, Frantzian eta Portugalen.
Hasieratik, bere lana pinturaz haratago joan da, materialarekin zuzeneko eta berehalako harremanari uko egin gabe. Xehetasun ironikoz beteriko diskurtsoan, boterea, harrokeria, denboraren joana edo bakuntasun bezalako kontzeptuen aipamenak gertatzen dira.