Irailarren 25ean, ostirala, arratsaldeko 19:00etan, BilbaoArteko URIBITARTE40 aretoak Izar iheskorra eta bihotza erakusketa inauguratuko du. Erakusketa M. Benito Pírizen artelan artistikoei eskainia dago.
Inaugurazio programaren barruan, Irailarren 25ean, arratsaldeko 18:00etan, artistak doako bisita gidatua eskainiko dute,
Erakusketa asteartetik larunbatera 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara egongo da ikusgai, eta igande eta jaiegunetan 11:00etatik 14:00etara azaroaren 8ra arte.
Sarrera doan.
Erakusketaren abiapuntua bularretik irteten den bihotz baten marrazkia da, azala eta kamiseta kanporantz bultzatzen dituenarena. Irudi horrek maiteminduaren irudikapen grafikoa dakar gogora: emozioak ezkutatu gabe ageri dituen norbait, zaurgarri eta zintzo. Une batean eutsi, ezkutatu edo desager daitekeen bulkada iheskor bat.
Izar iheskorra eta bihotza bultzada- eta euste-indarren inguruko ikerketa baten izenburua eta emaitza da. Benitok gorputza kanporantz proiektatzen duen indar iheskor gisa ulertzen du bultzada, aldaketari, topaketari eta konfrontazioari irekia. Izar iheskor baten gisara bat-batean agertu, eta gorputza nekatzean edo emozioa baretzean desagertzen den bulkada. Eusteak, aldiz, barrurantz egiten du lan: erregulatu, eutsi eta xurgatu egiten du, irmotasunez eta bihotzez babesten den hori mantendu eta zaintzeko ahaleginean.
Gauzak —bihotzez— egiteak sentiberatasunaren aldeko hautua egitea eta emozioari mugimenduaren parte izaten uztea dakar; bultzada izateak, berriz, eraldatzeko, mugitzeko eta nork bere burua eraikitzen jarraitzeko behar den espazioa zabaltzen du. M. Benitok abiapuntutzat hartzen duen irudia, izatez, hibrido bat da: aldi berean agerian jarri eta bere baitan biltzen den bihotz iheskor bat. Elkarren aurkako kontzeptuak baino gehiago, bultzadak eta eusteak etengabe eraldatzen ari den identitate baten eraikuntzan esku hartzen dute. Era berean, erakusketa osatzen duten piezak bulkadaren eta babesaren, agerian jartzearen eta aterpearen, oldarkortasunaren eta afektuaren arteko etengabeko negoziazioan taxutzen dira.
