Antoine Nessik makina totalizatzaileen esplorazioan eta gehiegikeria produktibistaren aurrean izakiek duten sumisioaren erretratu negatiboan oinarritzen du bere lana. Arkitektura antropofagoak proiektuak hainbat maketa ekoiztea proposatzen du, arkitekturak/makinak bezala ulertuta, eta egungo gorputzak eta salgaiak kontrolatzeko gailu anitzetan inspiratutako espazio txikiak erreproduzitzen dituzte. Espazio horiek ez-lekuak dira; hala nola, elikagaiak eraldatzeko fabrikak; esportaziokoak, aduana-postuak bezala; banaketakoak, supermerkatuetako linealak bezala; herritarren joan-etorrikoak, garraio publikoak bezala, etab. Itxuraz funtzionalak badira ere, bertan gorputzak galdu egiten dira ekoizpenaren eta kontsumoaren, lanaren eta aisiaren, zaintzaren eta gaixotasunaren, plazeraren eta minaren artean. Espazio alderraiak, itxuraz ezagunak, baina horien funtzioa dagoeneko ezin dugu identifikatu.
Antoine Nessi (Ivry-sur-Seine, Frantzia, 1985) Marseillan (Frantzia) bizi da eta bertan lan egiten du. Haren obrak bi mundu jartzen ditu aurrez aurre: artearena eta industriarena, eta bizigabea denak ezaugarri organiko bat hartzen du, bizitza propioa hartuz. Dijongo Arte Eskola Nazionalean, Parisko Dekorazio Arteen Eskola Nazionalean (ENSAD) eta Parisko Arte Ederren Eskola Nazionalean (ENSBA) ikasi zuen. Bakarka egin berri dituen erakusketen artean, Monuments pour la société cauchemardesque, Galerie Interface, Dijon (2015) eta L’Usine moderne en 360 m³, Lyon (2013) aurkitzen dira. Haren lanak hainbat erakusketa kolektibotan parte hartu du: Place publique, Fonderie Darling-en, Montreal (2015), Être Chose, Ciap Vassivière/Treignac Project-en (2015) eta The promise of moving things, Chris Sharp-ek komisariatuta, Le Crédac-en, Ivry-sur-Seine (2014), besteak beste. 2010ean, egonaldi programa batean parte hartu zuen Fonderie Darling-en, Montreal, Quebec.
