IZARO IEREGI

EH Fatigue N3 dokumentazioa

EH Fatigue

EH FATIGUÉ, euskal nazioak eta euskal munduak artistari sortzen dizkion ezinegonak lasaitzeko erantzuten duen proiektua da. Euskal Herria etengabeko aldaketen, gatazken eta normalizazio arazoak dituen lurralde bezala agertzen da beti, non iraganera lotutako iruditegiek bizirauten duten.Folklorea, tradizio moduan aurkeztua nazionalismoaren komunikazio eta transmisiorako erreminta boteretsuena izan da eta gatazka armatuaren esperientzia kolektiboa ordea, iraultza baten etengabeko promesa izan da. Bapatean, generazio oso bat tradizioa eta folklorearen antzutasunarekin eta ETAren behin betiko armagabetzearekin aurkitu dira, sakoneko krisi batean murgildurik, ez bakarrik ekonomikoa baizik eta, etikoa eta baloreena ere bai, sistemaren zilegitasun falta osoarekin. Post­tradizio belaunaldia, post­ETA, post­krisia, “Y belaunaldia” deiturikoa, hau da, 1980 eta 1995 urteen artean jaiotakoak. “Y belaunaldi”hau, nire belaunaldia, paradigma aldaketa bat bizitzen ari da. Aurreko belaunaldiaren identitate sinbolikoarekin hazi eta hezi gara eta gure heldutasuna beste ulerkera eta esanahi batzuen bueltan bizi izan dugu. Ikerketatik planteatutako proiektu artistiko hau, nire belaunaldiko kontzientzian sakontzean du helburu, post­ETA, post­tradizio, post­krisi kulturaren inkontziente kolektiboaren eraldaketan murgilduz, manifestazio kultural ezberdinen bidez.

Izaro Ieregi, EHUko unibertsitatean arte ederretan lizentziaduna da (2010). Ikerketa eta Sormena Artean masterra (2013) eta Euskal Kulturgintzaren Transmisioan aditu titulua (2015) eskuratu ditu, EHU eta Mondragon Unibertsitatean hurrenez hurren. Bere lana baliabide eta euskarri anitzetan ematen da. Euskal identitatearen eta generoaren begirada alternatiboak garatzen ditu. Ieregik euskal identitatea deseraikitzen du, horrela gertukoagoa eta anitzagoa sentitzen duen beste diskurtso bat garatzeko. Bere azkenengo bideo­sormen lanarekin Euskal Herrian zehar, Mexiko Hirian zein Bartzelonan ibili da emanaldiak eskaintzen. Bere alor profesionalean nabarmentzekoa da OKELA Sormen Lantegiko kide fundatzailea dela. (2014­gaur egun) non, ARTISTEN MEETING POINTA proiektu kultural eta expositiboa aurrera eramaten duten. Bizkaiko Foru Aldundiaren produkziorako beka jaso du (2015), eta gaur egun Doktore Tesia gauzatzen ari da EHUko Eskultura Sailean. Bere obra hainbat erakusketa kolektibotan erakutsia izan da, hala nola, Politiko­poetiko V, Portalea Aretoa, Eibar (2015); Getxoarte, Praktika Garaikideen aretoa, Getxo (2015), 23o eta 25o ikus-entzunezko erakusketa, BBVA aretoa, Bilbo eta POINT8 galeria, Baiona.

www.izaroieregi.com