BilbaoArtek ateak zabalik jardunaldia egingo du zentroko artisten lanekin

  • Bilboko Udalaren ekoizpen artistikoko zentroak ate irekien jardunaldia egingo du ekainaren 26tik 30era bitartean, 19 artistaren eta kolektibo baten proposamenekin.

  • Artista profesionalek osatutako epaimahai batek aukeratuko ditu 2024an Abandoibarrako BilbaoArteko areto berrian bakarkako erakusketa egingo duten proiektuak.

(Bilbon, 2023ko ekainaren 23an). BilbaoArte Fundazioak, Bilboko Udalaren ekoizpen artistikorako zentroak, ate irekien jardunaldia egingo du datorren astean, urteko lehen seihilekoan beken eta laguntzen programetan parte hartu duten artisten lanekin. Bost egunez, guztira 20 proposamen artistiko ikusi ahal izango dira, azken sei hilabeteetan zentroko tailer berrituetan egindako lanaren emaitza direnak. Zentroko ateak ekainaren 26an irekiko dira, 19:00etan, eta arratsaldez bisitatu ahal izango dira ekainaren 30era arte, 17:30etik 20:30era. Astelehenean, hilak 26, Juan Mari Aburto Alkateak, Gonzalo Olabarria Kultura eta Gobernantza Zinegotziak eta zinegotzien ordezkari batek erakusketa bisitatuko dute.

Adin eta jatorri desberdinetatik, bai Euskaditik (proposamenen heren bat baino gehiago), bai Estatuko gainerako herrialdeetatik (Santander, Bartzelona, Madril, Valentzia, Huesca), bai nazioartetik (Austria, Israel, Peru), erakusketa kolektibo hau osatzen duten artistek gaur egungo arte garaikidearen irudi bat osatzen dute. Lan horien bidez, arte garaikidearen azken joera, modu eta lan-prozesuen lagin adierazgarri bat ikusi ahal izango da.

Ikusi ahal izango diren artistak honako hauek dira: Alexia Sayago, Irantzu Yaldebere Arteaga, Juan Diego Tobalina, Anat Moss & Jara Roset (Colectivo Rudera), Edu Valls, Marta Van Tartwijk Crespo, Jorge Isla, Imanol Zubiauz, Alejandro González Osés, Izaro Ieregi, Patrik Grijalvo Milllois, Nerea Castaño Gonzalo, Martín Del Busto, Jonathan García Lana (Tunipanea), Taxio Ardanaz, Mikel Godoy, Desirée Moreno García, Isaac Cordal Quintans, Saray Pérez Castilla eta Harald Gmeiner.

Jardunaldien azken egunean, Zuhar Iruretagoiena, Fermin Moreno eta Ixone Sádaba artistek osatutako epaimahai batek estudioak ikuskatuko ditu eta 2024an bakarkako erakusketa bat egiteko proiektuak aukeratuko ditu. Erabakia arratsalde horretan bertan jakinaraziko da artistei. Artisten egungo promozioaren alde egitearen ondoren, beken eredu berri bati emango zaio bide, eta irailera arte mugituko da programaren hasierako hilabetea, urtarrila izan beharrean.

SEI-HILEKOARI ATZERABEGIRAKOA

2023an, BilbaoArte Fundazioak lau ardatz nagusitan oinarritu du bere jarduera: artistak, zentroko lan-tailerrak, truke-programak eta Abandoibarrako erakusketa-areto berria.

Alde batetik, Fundazioak 2023ko lehen seihilekoa amaitu du zerbitzua eman ahal izan dien 100 artista baino gehiagorekin, modu profesionalean lan egin ahal izan dutenak zentroko azpiegitura berrituei eta langileen laguntzari esker. Ekainaren hasieran itxi zen BilbaoArte 2023-2024 Beka berrietan parte hartzeko proposamenak jasotzeko epea 265 eskaerekin, hau da, aurreko deialdian baino %30 gehiago. Gainera, ekoizpenerako laguntzak hobetu egin dira azken edizioan, 1.200 eurotik 2.000 eurora igoz, bai eta iraupenean ere, hiru hilabetetik bostera luzatuz.

Bestalde, urtarrilean zentroa aldi baterako itxi ondoren, otsailean amaitu ziren tailerren eremua eraberritzeko lanak, fabrikazio digitalaren, edizioaren eta inprimaketaren arloak hobetzea eta handitzea ahalbidetu zituztenak. Banaketa berriak lantegiak solairu berean zentralizatzen ditu, diziplinartekotasuna bultzatuz, lan-azaleretan irabaziz eta artistentzako estudioak asteburuetan irekitzea ahalbidetuz.

Gainera, iaz UPV/EHUrekin sinatutako lankidetza-hitzarmenari esker, beka jaso duten proiektuen artean Alexia Sayagorena dago, Unibertsitatearen bitartez programan onartua. Nazioarteko mailan, Saray Pérez Castillak Fondazione Bevilacqua la Masan (Venezia) egoitza artistiko batean parte hartzen du, Otaola Ubieta bekaren lankidetzari esker. Era berean, Kunsthaus Bregenz-ekin (Austria) hitzarmena berritu zen eta, horren bidez, Harald Gmeiner hartu zen BilbaoArten eta Javier R. Pérez-Curiel bidali zen Bregenzera.

Azkenik, apirilean hasi ziren Abandoibarrako zentroaren erakusketa-areto berriaren lanak. Datorren azaroan 25. urteurrena ospatzen ari den honetan, zentroa erakusketa prestatzen hasiko da gune hau inauguratzeko. Aldi berean, bildumako obra berrikusi, zaharberritu eta prestatzen da, udan leku berri horren biltegira eramateko.

Jardueren programari dagokionez, BilbaoArtek Euskal Irudigileak elkartearekin, Irudika Ilustrazio Topaketarekin, Bonito Editorialarekin, (H)emen Elkartearekin eta Zinegoak Elkartearekin kolaboratu du. Bakarkako lau erakusketa ekoitzi ditu; 22 film proiektatu ditu artean espezializatutako bi zinema-ziklotan eta jaialdi batean; bost hitzaldi eta hiru ikastaro eman ditu; eta bost argitalpen propio ekoitzi ditu.