BilbaoArte ekoizpen artistikorako zentro bat da eta Bilboko Udal Gorenaren Kultur Sailari lotuta dago.

Sortzaile gazteen eskura jartzen ditu beharrezko bitarteko eta azpiegitura euren egitasmo artistikoak garatzeko. Bere helburu nagusia artisten profesionalizazio nabarmena eskaintzea da, ekipamendu eta azpiegitura modernoak eskainiz.

1998an inauguratu zenetik, honako jarduera hauek garatu ditu: beka- eta laguntza-programak; izen handiko sortzaileek parte hartzen duten ikastaro, tailer, mintegi eta hitzaldiak; sortzaile gazteen erakusketak; artistentzako mugikortasun-programak beste arte-zentro batzuekin; eta erakunde-proiektuak garatzeko aholkularitza artistikoa.

Azpiegiturei dagokiela, BilbaoArtek 3.500 bat m2 erabilgarri dauka, lau solairutan banatuta, zamaketarako kaia eta gainera:

  • Eskultura eta eraikuntza, grabatu eta serigrafia, edizio eta inpresio, eta MediaLab (fabrikazio digitalerako) tailerrak, AudioLaba (soinua grabatzeko kabina isolatua), filmazio-aretoa eta errebelatu analogikorako gela iluna. Tailer hauek arte jarduerarako beharrezko makineria eta bitarteko guztiez hornituta daude. Halaber, erabiltzaileei aholkuak emateaz eta azpiegituren funtzionamendu egokia bermatzeaz arduratzen diren langile espezializatuak daude.
  • Lagapen-espazioak. Proiektu artistikoak garatzeko banakako estudioak eta estudio partekatuak.
  • Erakusketa-aretoa, edozein jarduera artistikorako egokituta, bai proposamen klasikoetarako nola instalazio, proiekzio, performanceak eta abarretarako.
  • Erabilera anitzeko gelak: tailer eta kurtsoetarako gune multifuntzionalak.
  • Art House Zinema. Proiekzio eta hitzaldietarako egokitutako aretoa.
  • Kristalezko Patioa. Aurkezpenetarako eta ikuskizunetarako espazio gardena.
  • Magnolioko patioa: magnolia batek gailentzen duen barru patio ireki bat, non artistek eta bisitariek atseden hartu eta airea har dezaketen.
  • Liburutegia: hainbat arte-diziplinari buruzko aldizkari, argitalpen eta katalogo ugarirekin. Era berean, eguneko prentsa kontsulta daiteke edo tokiko, nazioko eta/edo nazioarteko deialdiei, bekei eta bestelako jarduera artistiko-kulturalei buruzko informazioa jaso daiteke.

Horrez gain, BilbaoArtek bi gune ditu egoitza nagusitik kanpo:

  • URIBITARTE40 aretoa, edozein esku-hartze artistikorako egokitua, proposamen klasikoenetatik hasi eta instalazioak, proiekzioak, performanceak eta abar egiteko, eta soilik zentroan ekoitzitako proiektuetarako.
  • Otxarkoagako aldi baterako lagapen-estudioak, fundaziotik igaro diren artisten proiektuei jarraipena emateko edo garatzeko espazio bat behar duten lan puntualak egiteko.