Bilbaoartek lehen bakarkako erakusketa inauguratuko du URIBITARTE40 aretoan, Jorge Isla artistaren lanarekin

  • Aretorako bereziki sortua, erakusketa tamaina handiko instalazio baten eta sei artelanez osatutako multzo baten inguruan egituratzen da.

  • Erakusketarekin batera “Katalogo ez-arrazoitua” izeneko artista-liburua argitaratu da, proiektuaren gai nagusian sakontzen duen zazpigarren pieza.

  • Erakusketaren inguruan, artisten topaketa bat, film baten ikustaldi bat eta bisita gidatuak egingo dira.

Javier Riaño (BilbaoArteko zuzendaria), Helena López (Uribitarte40 Aretoko arduraduna), Gonzalo Olabarria (Kultura eta Gobernantza zinegotzia) eta Jorge Isla (artista)

(Bilbo, 2024ko otsailaren 9an).- Bilboko Udalaren ekoizpen artistikorako zentroak erakusketa berri bat aurkeztu du gaur URIBITARTE40 Aretoan. Jorge Isla zentroan bekadun izan den artistak sinatuta, “Kontrol materiala, kontrol ukiezina” urteko lehen bakarkako erakusketa da, baita aretoarena berarena ere. Bertan, artistak bere azken ekoizpenak aurkezten ditu, zenbait gairen inguruan hausnartzen dutenak, hala nola artisten lana aitortzeko eta saritzeko aplikatzen diren parametroak, artelanaren prezioa eta balioa, aurkezpenaren eta errepresentazioaren ideiaren moduko kontzeptuak, edo binomio batzuk: publikotasuna-pribatutasuna, ikusgai dena eta ikusezina dena; kopia eta originala.

Artelana beste produktu material bat bezala hautematen dela eta artisten lana preziotik eta merkatuan duen posizionamendutik ezagutzen dela bezalako ideietatik abiatuta, Islak URIBITARTE40 Aretoa erabiltzen du sortzaile emergentearentzat suposatzen duen paradoxa horretan sakontzen duen paralelismo bat erakusteko.

Ohiko kanonetatik, erakusketa-formatuetatik edo obretako material nobleetatik urrun dagoen erakusketa honetan, jabetze artistikoaren edo bere proposamenetan material pobreak erabiltzearen moduko praktikak dira bere ikerketaren ardatza, dela pinturan, dela eskulturan dela instalazioetan, esanahi eta adierazle berriak bilatu nahirik.

Piezen artean, instalazio nagusia nabarmentzen da, “Titulurik gabea” (2023). Bertan, argazkiz ilustratutako fitxen inbentario bat proposatzen du, hainbat motatako artelanekin, alegia, kontserbazio-irizpide desberdinen eraginez galdu egin direnak, multzoaren estimazio monetarioa bisitari bakoitzaren espekulazioaren esku utziz. Pieza honen bidez, erakusketak zalantzan jartzen du argazkigintzarekin eta bere dokumentu-estatusarekin dugun harremana, beraren erabilera tradizionalekin jokatuz: froga juridiko moduan sortutako argazkia artelan bat erreproduzitzeko funtzioarekin asimilatzen da hemen. “Artxibatze” prozesu horretan, artelanek eraldaketa-prozesu bat jasaten dute, itxuraz lauak eta bereizmen txikikoak diren erreprodukzio bihurtu arte, inolako irizpide esanguratsurik gabe artelan baten erreprodukzioari dagokionez, eta horrek bere esentziaren eta izaeraren desmaterializazioa azaleratzen du, orain pixelen bilduma bat besterik ez baitira.

Pieza horri —kopia-originala, ikusgaia-ikusezina, publikoa-pribatua binomioen dikotomia irudikatzen duena— beste batzuk gehitu behar zaizkio, hala nola espazioko kristalezko azaleran aurkezten dena, —instalazioen mugak eta muturrak aztertzen dituena —; edo Karl Marxen itsulapikoa eta hamar zentimoko txanponaren instalazioa —”lan-balioaren teoria” azpimarratzen duena, artista langile gisa eta haren obrara produktu edo merkantzia gisa estrapolatzen dena—.

3 ARTISTA HAUTATUAK

Proiektu hau URIBITARTE40 Areto berriaren 2024ko lehen seihilekorako programazioan sartzen da. Izan ere, sasoi horretarako BilbaoArtek hiru artista aukeratu ditu, epaimahai profesional baten bitartez, aurreko urteko egoiliar guztien artean, honako hau garatzeko: banakako erakusketa bat, programa publiko batzuk eta aukeratutako artisten sustapen eta hedapenari laguntzen dien argitalpen monografiko bat.

Urteko lehen seihileko honetako banakako erakusketak aukeratu dituen epaimahai profesionala Zuhar Iruretagoiena (Zarautz, 1981), Fermín Moreno (Bilbo, 1970) eta Ixone Sádaba (Bilbo, 1977) artistek osatu dute. Aurreikusitako egutegia honako hau da: otsailaren 9tik martxoaren 10era, Jorge Isla (Huesca, 1992), martxoaren 22tik apirilaren 28ra, Marta van Tartwijk (Bartzelona, 1990) eta maiatzaren 3tik 31ra, Irantzu Yaldebere (Bilbo, 1994).

ARTISTAREN MONOGRAFIA

Erakusketaren kariaz, BilbaoArtek artistaren monografia bat argitaratzen du. “Arrazoitu gabeko katalogoa” izenburupean, argitalpen hori proiektuaren beste obra bat bezala sortu da, eta artelanaren ohiko formatuaren iraulketa bat da, liburu formatura eramana.

Jorge Islak argitaratutako eta Iván Gómez artistak diseinatutako monografia honek proiektuaren erakusketa-formatuan eta instalazio nagusian azaldutako eta kuestionatutako planteamendu berberak sakondu eta jorratzen ditu: artelanez jabetzea, material pobreen erabilera edo konbentzionalismoen kuestionamendua, kasu honetan artista liburuen formatu editorialari eta liburuei lotuta.

JORGE ISLARI BURUZ

Jorge Isla (Huesca, 1992) Bilbon bizi da eta bertan lan egiten du. BilbaoArteren artista egoiliarra izan zen 2023an, artistari estudioa uztea barne hartzen duen sorkuntza artistikorako Bekaren modalitatean.

Ikus-entzunezko komunikazioan graduatua San Jorge Unibertsitatetik, ekoizpen artistikoaren masterduna Valentziako Unibertsitate Politeknikotik eta argazkigintzako autore-proiektuen masterduna Madrilgo Lens Eskolatik.

Bere praxiak gure garaiko gizartearen mekanismo politiko, sozial eta ekonomikoak aztertzen ditu, horien egoera dikotomien bitartez irauliz: errealitatea eta fikzioa, kausa eta ondorioa, presentzia eta absentzia. Mugaren, berrinterpretazioaren eta birsignifikazioaren kontzeptuetan oinarritutako ideia multzo bat irudikatzen du, objektu kontzeptual gisa, zenbait bitarteko -idazketa, irudien sorkuntza, bideoa eta instalazioa- konbinatzen dituen ikerketa plastiko batetik, proiektu bakoitzaren izaeraren arabera.

Honako beka eta sariak jaso ditu: VEGAP 2015 beka; College d’Espagne à Parisen egonaldia, MECDri esker (2018); Bilbaoarte Fundazioaren egonaldi-beka; Ankaria Fundazioaren Javier Rosón Saria, artista gazteen libururik onenagatik; Errioxako Gazte Artearen Erakustaldiaren 1. Saria; Brocense Aretoaren obra erosteko saria; La Térmica egonaldia (Málaga, 2020), MECDen ikerketa, sorkuntza eta ekoizpen artistikorako Laguntza; Aragoiko Joaquina Zamoraren obra erosteko saria; Miguel Hernández Unibertsitatearen obra erosteko saria; Bilbaoarte Fundazioaren Ekoizpenerako beka (2021), Tabakaleraren Immaterial saria; Las Cigarrerasen Scroll saria; Huescako Diputazioaren Ramón Acín Beka (2022); INJUVEren ekoizpenerako laguntzak; erosketarako IX. Mardel Saria; Loiolako Unibertsitatearen Erosketa Saria eta Guggenheim Museoaren Basque Artist Program (Bilbo, 2023).

Banakako erakusketak egin ditu zentro hauetan: Da2 Artium (Salamanca, 2023), Las Cigarreras (2022), Arte Santander (2022), SC Gallery (Bilbo, 2022), Antonia Puyó Galeria (Zaragoza, 2021 eta 2017), Rambleta (Valentzia, 2020), Presente Galeria (Porto, 2020), Valentziako Historia Naturalaren Museoa (2018), Photoespaña (2017), Kir Royal GAllery (2017), Cordobako Argazkigintzaren XV. Bienala (Cordoba, 2017) eta Cibeles Zentroa (Lanzadera, Cur. Iñaki Domingo, Madril, 2016); horiez gain, zenbait erakusketa eta azoka kolektibotan izan da, bai nazio mailan eta bai nazioartean.

www.jorgeisla.com

EGITARAUA

INAUGURAZIO EGITARAUA

  • Aretoa irekitzea eta aurkezpen publikoa (ostirala, otsailak 9, 19:00 – 21:00)
  • Bisita gidatua, artistarekin (larunbata, otsailak 10, 12:30, 40 min.)

Sarrera librea plaza guztiak bete arte.

FILMAREN PROIEKZIOA

  • El Precio del Arte” (2018), Nathaliel Kahn (osteguna, otsailak 15, 18:30, ordubete eta 35 min., JBA gaztelaniaz)

Sarrera librea plaza guztiak bete arte.

BISITA GIDATUAK

  • Publiko orokorrarentzako bisita gidatuak, gaztelaniaz eta euskaraz, entzumen-dibertsitate funtzionala duten pertsonentzat egokituak. Aldi bereko bisita gidatua gaztelaniazko zeinu-hizkuntzaz eta ahoz (asteazkena, otsailak 14, gaztelaniaz eta otsailak 21, euskaraz, 19:00, 45 min.)

Sarrera librea plaza guztiak bete arte.

ARTISTEN ARTEKO TOPAKETA

  • “Mahai-inguru bat mahai karratu batean”. Parte-hartzaileak: Victoria Ascaso, Adrian Castañeda, Jorge Isla, MawaTres (osteguna, otsailak 29, 19:00)

Sarrera librea plaza guztiak bete arte.

ARGAZKIAK

«Control material, control intangible», Jorge Isla