Zine zikloa: «NAKASHIMA: Lirismoa eta perbertsioa»

2017ko uztailaren 3tik 7ra Tetsuya Nakashima japoniar zinegilearen zine zikloari ematen dio lekua BilbaoArteko Art House Zinema. Astean zehar pelikula bakoitza bi alditan ikusteko aukera izango duzue, 17:00etan eta 19:00etan, egun dezberdinetan. Guztiak jatorrizko bertsioan gaztelaniazko azpitituluekin.

Sarrera librea aforoa bete arte.

 width=

NAKASHIMA: Lirismoa eta perbertsioa

Tetsuya Nakashimak 57 urte bete berri baditu ere, uste izan da zine zuzendari gisa berandu eman izan dela ezagutara, nahiz eta bere ibilbidea errepasatuz gero horrenbesterako ere ez izan. Hain zuzen ere, XXI.mende hasieran lortu zuen onespena nazioartean, berriki ezagutara emandako zuzendari niponiar handienetarikoa bilakatuz. 1959an jaioa, telebista eta publizitatean lan egin zuen denbora luzez. 40 urte zituela bere lehen luzemetraia estreinatu zuen, Happy go-lucky, integrazio arazoak dituen ume batek protagonizatua. Bertan, jada, bere zineman bereizgarri diren aztarna tematiko eta estilistikoak soma daitezke. Bere bigarren pelikula, Beautiful Sunday (1998), zuzendariaren lanik neurritsuenatzat hartua izan da. Hemen elkarri eragiten dioten zenbait istorio lotzen dira, testuinguru hurbil batean, eta zineman seriotasun osoz jarduteko zantzuak identifika dakizkioke zuzendariari. Zantzu hauek nabarmendu egiten dira Kamikaze girls (2004) filmean, eta hain zuzen ere, hau da BilbaoArte Fundazioak MediaTresen laguntzarekin antolatutako zikloari hasiera ematen dion filma. Pelikula honekin Nakashimak japoniar irlak zeharkatu eta mundu mailako panorama zinematografikoan aurkitzen du bere tokia.

Nakashimaren zinemarekin lau hitzordu eskainiko dira, bereizgarriak diren lau pelikula, zeinetan kolorez betetako kutsu orientala, akzioa, umorea, nabarmenkeria lotsagabea soma daitezkeen; gure unibertsotik ateratako ezaugarriak diruditenak, baina oreka mantentzeko beharrezkoak direnak.

Hala, ziklo txiki honek lau film borobil, hunkigarri eta ezberdin eskaintzen ditu, lirismoa eta perbertsioa batzen dituen zuzendari talentudun baten eskutik.

Zine zikoa: TETSUYA NAKASHIMA (2017ko uztailaren 3tik 7ra)

Astelehena, uztailaren 3a, 19:00etan / Asteartea, uztailaren 4a, 17:00etan

 

Kamikaze Girls (Japonia, 2004, 103 min.)

 

Izenburu originala: Shimotsuma monogatari
Zuzendaria: Tetsuya Nakashima
Aktoreak: Kyoko Fukada, Anna Tsuchiya, Hiroyuki Miyasako, Ryoko Shinohara, Kirin Kiki, Sadawo Abe

Momoko (Kyoko Fukada) frantziar rococó garaiaren gain eraikitako bere mundu propioan bizi den neska bakarti bat da. Baina, berehala, mozorro eta maskaren mundu hau utziko du Ichigo (Anna Tsuchiya) motozale lizunaren agerpenaren ostean. Honek, Momokok ez bezala, estilo estatubatuarra gogoko du, eta uneoro jendez inguratuta egoteko beharra sentitzen du. Horretarako, hiri-kondaira bat asmatzen du, eta ondorioz Momokorekin batera osatutako lagun-taldearekin garrantzitsu sentiaraziko du bere burua. Ordutik aurrera, mundua ezberdin ikustea ahalbidetzen dien bana ezinezko adiskidetasunean barneratuko dira.

Asteartea, uztailaren 4a, 19:00etan / Asteazkena, uztailaren 5a, 16:30etan

 

Conociendo a Matsuko (Japonia, 2006, 129 min.)

 

Izenburu originala: Kiraware Matsuko no isshô
Zuzendaria: Tetsuya Nakashima
Aktoreak: Miki Nakatani, Eita, Yusuke Iseya, Teruyuki Kagawa, Mikako Ichikawa, Asuka Kurosawa

Aitak, behin, 53 urterekin eraildutako bere izeba Matsukoren (Miki Nakatani) apartamentua garbitzeko eskatzen dio Shori (Eita, “Dororo”). Honek, bere izebaren oroitzapenak ikertzen dituen bitartean, Matsukoren izaera erromantiko, zoragarri eta harrigarria ezagutuko du, bizitzaren zentzua gainerakoei eskaini diezaioken horretan dagoela sinesten duen emakumea.

Asteazkena, uztailaren 5a, 19:00etan / Osteguna, uztailaren 6a, 17:00etan

 

Confessions (Japonia, 2010, 106 min.)

 

Izenburu originala: Kokuhaku
Zuzendaria: Tetsuya Nakashima
Aktoreak: Takako Matsu, Yoshino Kimura, Masaki Okada

Klaseko azken egunean, irakasle batek eskola utziko duela iragartzen die ikasleei, aitorpen bat gaineratuz: berriki igerileku batean itota hil den lau urteko bere alaba, errealitatean klase horretako bi ikaskidek erail dute. Aitorpen honi zera gehitzen dio: jada, hauen kontrako mendekua martxan jarri duela.

Osteguna, uztailaren 6a, 19:00etan / Ostirala, uztailaren 7a, 17:00etan

 

El mundo de Kanako (Japonia, 2014, 118 min.)

 

Izenburu originala: Kawaki
Zuzendaria: Tetsuya Nakashima
Aktoreak: Koji Yakusho, Nana Komatsu, Satoshi Tsumabuki, Ai Hashimoto

Showa Fujishima (koji Yakusho) alkohola edan besterik egiten ez duen detektibe erretiratu bat da. Eskolako lehena eta guztientzat eredugarria den bere alaba Kanako (Nana Komatsu) bat-batean desagertzen denean, gertatutakoa ikertzen hasten da. Pixkanaka pixkanaka bere alabaren irudi perfektua pitzatzen duen aurpegi iluna estalgabetzen joango da.