“Out and about” erakutsiko du Silvia Coppolak BilbaoArten

Ikus-entzunezko erakusketa hau apirilaren 23ra arte bisitatu ahal izango da udal zentroko erakusketa aretoan

 

(Bilbon, 2023ko martxoaren 24an). BilbaoArte Fundazioak, Bilboko Udalaren ekoizpen artistikorako zentroak, 2022an bekadun izandako Silvia Coppolaren (Padova, 1991) «Out and about» erakusketaren ateak irekiko ditu. Oraingo honetan, artistak ikus-entzunezko instalazio bat proposatzen du, teknologiak errealitatea nola irudikatzen duen arreta jartzeko eta irudiaren gainean dituen eraikuntza-aukerak aztertzeko, errealitatearen eta birtualaren arteko mugak desitxuratzen saiatuz.

Datorren hilabetean zehar BilbaoArteko aretoak bere argi baxuak mantenduko ditu «Out and about» erakusketari atmosfera egokia emateko. Espazioa, ibilbidea banatzen duten hormarik gabe nahita, diagonalean jarritako bi proiekzio-azalerek izango ditu buru, bi bideo-pieza jasoko dituztenak, soinu-instalazio batekin batera.

Bideo-lanak txandaka erreproduzituko dira, gainjarri gabe eta aretoko espazioa aldi berean okupatu gabe. Lehenengo piezak, «Out and about» (2023) izenekoak, grafiko errealistak dituen bideojoko batean egindako ibilaldi digitala erakusten du, 2022an BilbaoArten egoiliar izan zen hilabeteen eta aurtengo urtarrilaren artean egina. Bigarren piezan, «¿Por qué hay algo aquí cuando no debería haber nada? ¿Por qué aquí no hay nada cuando debería haber algo?» (Zergatik dago zerbait hemen ezer egon behar ez duenean? Zergatik hemen ez dago ezer zerbait egon beharko lukeenean?) (2019), Vicenzan (Italia) grabatutako autoz egindako zenbait ibilbide aurkezten ditu. Horietan, automobiletik errepidearen azaleran proiektatuko irudiak ikus daitezke.

Erakusketa osatzen duen soinu-instalazioa feedback loop-ean egina dago, aluminiozko xafla baten bibraziotik abiatuta. Pieza osatzen duten objektuen egoera fisikoek, eta digitalki automatizatutako maiztasun-aldaketa txikiek, soinua etengabe aldatzen dute.

Erakusketarekin batera doan argitalpena Daniel Llaríak diseinatu du, artistarekin lankidetzan. Erakusketan dauden hiru piezak eta beste lan bat biltzen ditu, BilbaoArteko egoitzan garatzen hasi zena eta amaitu gabe dagoena, «Los solitarios» izenekoa. Katalogoaren testua, «Confiar en la imagen» izenekoa, Olatz Otalorak idatzi du eta Arrate Hidalgok ingelesera eta Danele Sarriugartek euskarara itzuli dute.

Erakusketak aparteko bisita-ordutegia izango du eta apirilaren 23ra arte bisitatu ahal izango da, astelehenetik ostiralera, 17:30etik 20:30era, larunbatetan 11:00etatik 13:30era eta 17:00etatik 19:30era, eta igandeetan 11:00etatik 14:00etara. Apirilaren 6tik 10era jaiek itxiko dute (Aste Santua). Sarrera doakoa izango da.

ARTISTARI BURUZ

Silvia Coppola (Padova, 1991) Florentziako Arte Ederren Akademian Ikusizko Arteetan eta Adierazpen Hizkuntza Berrietan Graduatua (Italia, 2015). Arte Garaikide Teknologikoan eta Performancean Masterra (UPV/EHU, 2017). Praktikak egin zituen Bulegoa z/b-n 2017an, eta 2018az geroztik han egiten du lan.