Izar iheskorra eta bihotza erakusketaren harira, BilbaoArtek Karlos Martinez B. artistak diseinatutako artista-monografia bat argitaratuko du. Testuekin eta gainerako dokumentazioarekin batera, argitalpenak BilbaoArteko egonalditik URIBITARTE40ko erakusketara arteko prozesu osoa jasoko du. Argitalpena, gainera, aurrez haiekin elkarlanean aritutako Mawa Ordúñez artista eta ikertzailearen testu batekin osatuko da; Judith Voeten argazkiekin lagunduta, Claudia Rebeca Lorenzo artistaren lankidetzarekin.
Urriak 29, 19:00
Sarrera doan
Erakusketaren abiapuntua bularretik irteten den bihotz baten marrazkia da, azala eta kamiseta kanporantz bultzatzen dituenarena. Irudi horrek maiteminduaren irudikapen grafikoa dakar gogora: emozioak ezkutatu gabe ageri dituen norbait, zaurgarri eta zintzo. Une batean eutsi, ezkutatu edo desager daitekeen bulkada iheskor bat.
Izar iheskorra eta bihotza bultzada- eta euste-indarren inguruko ikerketa baten izenburua eta emaitza da. Benitok gorputza kanporantz proiektatzen duen indar iheskor gisa ulertzen du bultzada, aldaketari, topaketari eta konfrontazioari irekia. Izar iheskor baten gisara bat-batean agertu, eta gorputza nekatzean edo emozioa baretzean desagertzen den bulkada. Eusteak, aldiz, barrurantz egiten du lan: erregulatu, eutsi eta xurgatu egiten du, irmotasunez eta bihotzez babesten den hori mantendu eta zaintzeko ahaleginean.
M. BENITO PÍRIZ
Durango, 1992
Bilbon bizi eta lan egiten du.
BilbaoArteko artista egoiliarra, 2024-2026 aldian
Benito Píriz Arte Ederretan graduatu zen EHUn (2014), eta Arte Ikerketa eta Sorkuntzako masterra egin zuen 2015ean. Bakarkako erakusketak egin ditu Montehermoso Kultur Zentroan, “Travieso” erakusketarekin, eta Rekalde Aretoan, “Pikete-tuning” erakusketarekin; baita BilbaoArten, RKE-n eta Arizko Dorrean ere. Talde-erakusketetan, berriz, Bilboko Guggenheim Museoan, Horcasitas Jauregian eta Máa (Bilbo), Artnueve (Murtzia) eta La Bibi + Reus City (Palma) galerietan parte hartu du. Getxoarten lehen saria, Ertibilen bigarren saria eta Errioxako Arte Gaztearen Erakusketan hirugarren saria jaso ditu. Bere egonaldi artistikoen artean nabarmentzekoak dira Azkuna Zentroko Babestu programa eta BilbaoArteko bi urteko egonaldia.
