Jende asko zebilen kalean, Daniela Rojas (2020)

Gertaera baten ikuspegiak

Jende asko zebilen kalean, pertsonek elkar talka egiten zuten, are gehiago jende asko igarotzen zen lekuetan, ibiltze itsu batek bultzatzen zituela ematen zuen. Bidea ikusi gabe, askok behera begiratzen zuten, ez beraien edo besteen pausuak ikusteko, mugikorrak begiratzeko baizik, besteen edo mugimendu propioa nabaritu gabe, ibiltze blokeatu batean, non deskonexio batek konektatzen zituen (edo gintuen) eta lotuz modu batean, ukitzea sorbalden arteko talkekin, eta ukipen-pantailan touch-a, gurutzaketak, bat ez etortzeak.

Internetera konektatzeko paranoia zegoen, gauzak lortu eta edukitzekoarena, “beharrak” bete eta “garaiz” ibiltzekoarena, ilusiozko atzerapen nahiz inposatutako eredu baten harrapakin, eta egunez egun hari obeditzen jarraitzen diogu; sarearen harrapakin eta sarea bera izaten. Beharrak, kezkak, eredu ekonomiko batek aurrez egindako irizpideak. Asko behar dugula pentsatzeko joera dugu, gehiago beti, eduki egin behar dugu, balio ez dugunerako ere, hau da ekonomikoki antzu izango garenerako, euskarri izango zaizkigun kapitalak behar ditugu. Batzuk, jaiotzez, ezarritako parametroen arabera ez dugu balio; ez gara existitzen, onartu gabeko akatsak bezala, zentzugabeki edo zentzuz, bizi gara, ziurtagiririk, hau da kontrolaturik, gabe dagoen beste guztia bezala. Bestalde, kontrolatzera dedikatzen direnak daude, haiena izango ez den zerbait edo obedituko ez duen norbait ez onarturik hedatzen, mota guztietako jabetzak irrikatuz- dena jabetza posible bat bezala ikusten baitute-  kontabilizatu daitekeena eta ezin daitekeena,  bere neurketa-sistematik ihes egiten duen guztia ukatzen duen erregistro batean.

Hain gaude gaixorik gure nortasuna jabetzaren arabera definitzen dugula, honela, benetan behar dugunetik geroz eta gehiago urruntzen gara. Oinarrizkoa eta funtsezkoa dena bereiztea zail edo ezinezko egiten zaigu, atzemanezina ematen du, edo da, baliabide materialik gabe, beste baliabiderik ez dugulako, nahastuta, produktu bat balitz bezala ulertu eta salbatuko gaituela uste baitugu, eros -edo lapurtu- dezakegulakoan, baina merkatutik ihes egiten duen zerbait da, nahiz eta irabaziak zeluletaraino ere zabaldu diren. Zerbaitek gure borondateaz haratago bultzatu eta kontrolatzen gaitu, bizitzeko funtsezkoa dena esperimentatzea galaraziz, definiezina dena lapurtuz, gu kontrolatuz. Baina neurtezinak kontra egiten dio irakatsitakoari.

Anti-reflex (-ioi) betaurrekoen saltzaile bat sartu da tartean, erre egiten zara hauek kendu ez gero. Egungo testuinguruan pentsatzeak, “konturatzeak” min ematen du, izkutatutako min bat da, bidera ezina baina saihetsezina: zenbat galdutako begi ikusi nahi izateagatik, zenbat ezkutuko informazio, zenbat gutxietsitako bizitza… neurtezina.

Ez dugu bizitzan momentukoa dena ikusten, gure hauskortasun propioa onartzen ez dugun bezala; edozein momentutan eror gaitezke, edozein arrazoiagatik edo arrazoirik gabe, ezberdintasuna zenbatekoa den konturatu gabe ahazten dugun bezala, eta gaur egun bizirik bageunde bezala mantentzen gaitu. Sufritzen gabiltza; pertsona batzuk hilzorian dauden bitartean, besteek heriotza debekatzen dute min hau azken hatseraino iraunaraziz.

Batzuk besteek kentzen dutelako galtzen dute, kentzen irabazten dute, gauzak, denbora, lasaitasuna, bizitza ostuz, iruzur eginez. Badaude inoiz galtzen ez dutenak ere bai, ez dutelako galtzeko ezer edo dena galdu dutelako, edo beste aldetik, gehiegi kalkulatu edo barne hartu dutelako, akumulatutako haien baliabide materialen atzean bizitzen, luxuzko hilobietan usteltzen, inoiz aberastasunik ostatuko ez dutelarik. Batzuentzako ezerk ez du garrantzirik, bizitzak berak ere ez. Galduta edo bere burutik urrunduta daudenak ere badaude, asko, gutxi edo ezer ere ez dutelarik. Konbinaketa asko daudela ematen du baina desberdina izateko aukera eskas. Ezin ahal genezake ez daukaguna, edo daukaguna, baloratu; baliozta ezina, zenba ezina dena? Ezin ahal genezake beharrezkoa dela uste duguna alboratu eta benetan behar duguna deskubritu? Ezin ahal genezake guztia alde batera utzi?

Maitasuna?

Aurpegi-mozorro bat sortu dugu- edo pantaila bat- gizartean bizi ahal izateko, orain potentzialki pozoitsua, hilkorra- neoliberala- den haien infektatutako hatsetik – gure hatsa- babesten gaitu. Noiz ez da horrela izan? Maskaraturik bizitzera ohitu ginen, biziraunez.

Gure gaixotasuna lehenagotik dator eta heriotzak inoiz ez gaitu bere forma posible guztietan gorteatzeaz utzi, baina bidegabekeriaz hiltzea etengabekoa, araua, gure ziklo naturaleko parte dela ematen du; sistema ez eraginkorrak sustatzen ditugu, non ongizate pertsonal, kolektibo eta planetarioa -gure egungo kaltegarritasunagatik- ez diren begiesten. Gure bilakaera ematen du honek, kapitalaren kontrolaren menpe uzten gara, eta honela aurkitzen gaitu pandemia honek, gaixoturik, bere onetik kanpo dauden pertsona emankorrak.

Lekuz, denboraz kanpo egotearen paranoia sentitzen nuen. Ezeren partaide, inor ez izango banintz bezala… moldakaitza.

Oso jende gutxi edo batere ez zebilen kalean. Batzuok elkar begiratzen genion eta agian agur labur bat egiten gure musukoaren atzean. Besteek, berriz, bidea bakarrik begiratzen zutela ematen zuen, begirada finko eta erosketen bolumenaren araberako ibilkera azkarrago edo motelagoarekin, zerbaitek jarraitu edo ihes egingo balie bezala… Beste pertsona batetik gertu edo norbait gurutzatzearen beldur? Ukitzeari, kutsatzeari, heriotzarekin gurutzatzeari? Kaleari, bizitzari? Bakarrik aurkitzeari? Edo bakarrik etxera ailegatu nahi al zuten, modu honetan seguru egoteko? Hiper konektibitateak, edozertara babesturik ematen duena, ihesaldi horretan laguntzen digu, gure mina “lagunduz”, gure intimitatearekin, honela, bere lotura indartuz, eraginez, segurtasun edo lasaitasun sentsazio faltsu bat eskainiz, konpainiarena agian.

Bakardadea begitazioan bilakatzen ari da agian, begitazio hori sortu dadin behar batean, eta bakarrik ez gaudenaren irudipena ere bai. Zer da bakardadea gaur egun? Nolakoa da bakardadea gaur 24 ordutan laguntzen digun konpainia birtuala badaukagu, ustezko bakardade horiek, aldi berean, konektatu daitezkeelarik, partekatutako espazio birtual batean sinkronizatuta? Gure bakardadea onartzeko gai al gara? Saiatu al gara inoiz? Nola biziko ginateke lotura birtualik gabe, harreman birtualik gabe, testuinguru birtualik gabe, desberdintzeko gai baldin bagara akaso?

Agurtzea erraza izan daiteke, nahiz eta objektu batek gure aurpegiaren zati haundi bat ezkutatu, edo objektu baten, teklatu edo ukitze-pantaila baten, irudi baten, audio baten, paperezko ohar baten, soinu baten atzetik. Komunikabideak hedatu dira, baina zer gertatzen da imintzioekin? Hauek ere eraldatu eta hedatu egin dira, desegin al dira? Isiltasunean gordetzen al dira? Imintzioak hain dira garrantzitsu (norbere buruarekin edo bestearekin) harremanerako garrantzia erakusten duten bitartean hau egiteko era bat proposatzen dutelako, nahiz eta ekintza minimoa izan, eta hartu-emanerako posibilitate bat adierazten dute izkutatzen (edo azpimarratzen) gaituenaren, musukoa edo gehitutako besteak, aurrean, berezko zerbait, oinarrizkoa: xede bat ezagutarazten dute, zerbait komunikatzeko edo partekatzeko lehenengo borondate bat, nahiz eta ez jakin zer den.

Ezagutzen ez dugun zerbait bizi eta konpartitzen dugu, gainditu egiten gaitu. 

Agian ohituretan galdua, bahitua, neutralizatua, hezkuntzari ukatua, kapitalismoak ezarritako axolagabetasunean gelditua izan den zerbait berreskuratuko dugu: gizatasun sentikor baten zentzua, geure burua izaki zaurgarri bezala aitortzea, babestea, eta sendatzea agian.

Agian galduz irabaz genezake.

Konfinamendua, Mariaren Bihotza Enparantza
San Frantzisko Kalea, Bilbo
2020ko martxoa, apirila eta maiatza

Daniela Rojas Gajardo

Daniela Rojas Gajardo. Ezezaguna zaigun eta bertakotzen dugun naturaren gaineko begirada osatugabe bat islatzen duten konposizioetan, hizkuntza plastikoaren garapena ikertzen dut, bilakaera teknologikoak neurri batean begiztatzea ahalbidetzen dizkigun forma ikusezinek eragindako diziplinarteko lan batetik abiatuz. 

Inguratzen eta gugan bizi den misteriotik elikatzen da organikoa denaren, dimentsio estetiko eta biologikoaren, barnekoaren, kanpoaren, gorputzaren, nortasunaren ingerada aldakorren, distantziaren eta hutsunearen inguruan hausnarketak planteatzen dituen iruditeria. 

Zeramikatik, anbibalente ematen duten iragateak esperimentatzen ditut, ukiezina gogorarazten duten formak eraikiz, imajinarioa, anbiguoa, abstraktua, zitala denari zuzendutako desplazamendua eraginez.

Buztina bere transformazio zikloak ikertzeko eta esperimentatzeko aukera ematen didan material organikoa da. Zeramikan bilakatzen denean, prozesuak ikus daitekeenari eta ziurtasunari ihes egiten dio, prozesurako, obrarako eta arimarako etapa arriskutsuena gertatuz; betirako aldaketa bat sortzen da, modu berdintsuan ziurgabetasunari loturik dagoena.

Nire ustez, sormen-prozesuak obra sortzera eramaten gaituen eraldaketa ziklo bat helarazten du etengabe. Zatitutako ikuspegi batek sortzen dituen zalantzak, puskatutako edo eraiketan dagoen pieza baten zatiei datoz bat, hutsik dagoen molde baten barne-estalkiak edo piezaren osotasuna eraikitzen duten zatiak balira bezala. Prozesu sortzaileak esperimentazio zuzen eta espontaneo batentzako, behaketarako, gatazkarako, kontraesanetarako espazioa ireki dezake eta hizkuntza sentikor bat garatzen du, ezusteko, aztikeriazko topaketa esplikaezinei aukerak ireki ditzake.

Nire lanean beste motatako euskarriak erabiltzen ditut, hala nola, egurra, harria, metala, soka, kablea; normalean aurkitutako, jasotako edo birziklatutako materialak dira.