Bisita gidatuak publiko orokorrarentzako: «Waving» eta «Liburua ez-liburua» URIBITARTE40an

2024ko apirilaren 3an eta 10ean, asteazkenak, BilbaoArteko URIBITARTE40 Aretoak «Waving» eta «Liburua ez-liburua» erakusketen zehar bisita gidatuak eskainiko ditu, publiko orokorrarentzat, gaztelaniaz eta euskaraz, eta entzumen-aniztasun funtzionala duten pertsonentzat. Aldi berean izango dira, Espainiako eta ahozko zeinu-mintzairan.

Informazio praktikoa:

Datak: apirilak 3 (euskera) eta 10 (gaztelania), asteazkenak
Ordua: 19:00etan
Lekua: BilbaoArte Fundazioaren URIBITARTE40 Aretoa (Uribitarte Pasealekua, 40)

Sarrera librea edukiera bete arte

WAVING

Waving Marta van Tartwijk artista katalanaren azken proiektu artistikoa da. Martak egonaldiak egin zituen 2019 eta 2023an BilbaoArten, eta proiektu hau BilbaoArte Fundazioaren udal aretorako sortu du espresuki. Erakusketaren abiapuntua bere egonaldian garatutako lana da, eta marrazketaren, ikus-entzunezkoen, soinuaren eta eskulturaren artean mugitzen den pieza multzo bat planteatzen du.

Proiektuaren izenburua, Waving, ingeleseko hitzak daukan esanahi bikoitza jasotzen duen terminorik ez izatearekin jolasten da, ez baitago horrelako hitzik ez gaztelaniaz eta ezta euskaraz ere. “Waving”, “wave” aditzaren gerundioa da, eta bere esanahia olatua da, uhina, ur-masa bat, kurbatzen dena eta itsasertzeraino aurrera egiten duena, fluktuazio batek espazioan duen hedapena da. Baina “to wave” eskuak agurtzean egiten duen ekintza ere bada. Hitz horrek errepikapen-mugimendu etengabe bat lotzen du paisaian eta gorputzean, bien arteko korrespondentzia bat sortuz.

LIBURUA EZ-LIBURUA

Libro no-libro (Liburua ez-liburua) BilbaoArten 2010ean eta 2015ean egonaldia egin zuen Roberto Aguirrezabala (Sestao, 1971) artistaren erakusketa bat da. Proiektuak biltzen du –berrogei piezaz baino gehiagoz osatutako instalazio bakarrean- erresistentzia klandestinoko mugimenduen inguruan egin duen azken sorkuntza-lana; horretarako, eskuz soilik egindako argitalpenen autoedizioa hartu du abiapuntutzat, eboluzio-prozesu bete-betean dagoen manifestu gisa. Erakusketak bere azken artista-liburuak jasotzen ditu, hots, euren muga propioak bilatzen dituzten obra editorialak, interbenitutako objektuak eta XX. mendeko erresistentziaren jatorrizko pieza historikoak. Memoria historikoa da diziplina anitzeko izaera nabariagoa duen obra honen ardatz egituratzailea. Argazkigintza, eskultura, instalazioa, artisautza, pentsaera kritikoa eta ekintza politikoa elkartu egiten dira gizabanakoaren gatazkak esploratzeko, bai identitateari lotutakoak eta bai sozialak.